Bi jardunaldi izan zituen Eslalon modalitateko Espainiako txapelketan eta bietan lehiatu zen Maialen Chourraut herritarra.
Lehen egunean bakarkako K1 mailako sailkapen probari zein taldeko finalari aurre egin zizkion lasarteoriatarrak.
Sailkapen proba hirugarren denbora onenarekin gainditu zuen. Markarik onena egin arren, jaitsieran hiru atetan arazoak izan zituen eta sei segundoko zigorra izan zuen.
Ostean, taldekako finalean parte hartu zuen Chourrautek Leire Goñi eta Olatz Arregui Atletico San Sebastianeko talde kideekin batera. Nahiz eta lau atetan zailtasunak izan, jaitsieran marka onena egin zuen hirukoak eta urrezko domina jantzi zuen.
Bigarren jardunaldian, berriz, bakarkako finalerdikoan eta finalean izan zen Lasarte-Oriako piraguista. Finalaurrean arazorik gabe gailendu zen herritarra.
Finalean ezusteko handia izan zen. Atletico San Sebastianeko kidea 2018tik nagusi izan da Espainiako txapelketan; aurten, berriz, Laia Sorribesek eraman zuen garaikurra. Sorribesek saio garbia egin eta 93,24 marka lortu zuen. Chourrautek jaitsiera bizia eta azkarra (89,82) egin zuen, baina bidean lau ate ukitu eta zortzi segundoko zigorraren ondorioz, hirugarren postuan (97,82) amaitu zuen proba. Ate bat ukitu eta 94,84 marka metatu ostean, Monica Doria izan zen podiumeko bigarren mailan.