Aitor Mansok Euskadiko Mendiko txapelketa berretsi du

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urriaren 25a

Aitor Manso herritarra, Urrakira igoera podiumeko bigarren mailan. Arg.: Aitor Manso.

Aitor Manso gidariak Mendiko Euskadiko txapelketako azken hitzordua jokatu zuen hilaren 22an Azpeitian. Urrakira igoera proban bigarren postua eskuratu zuen herritarrak sailkapen nagusian eta 9. mailako garaile izan zen. Lortutako postuak lehiaketako lehen postua eman dio gidari gazteari

41. Urrakira igoera lehiatu zen hilaren 22an Azpeitian. 75 ibilgailu aurkeztu ziren probara, horien artean, Aitor Manso herritarrak gidatu zuen Talex M3a. Herritarrak ezin izan zuen bere BRC B49 erabili, baina Talexari esku hartu diola argi utzi zuen lasterketan. Sailkapen orokorreko bigarren amaitu zuen proba Joseba Iraolaren atzetik eta 9. klaseko lehen.

Parte hartzaileen zerrenda ikusi eta Mansok argi zuen Iraola gainditzea ezinzkoa izango zela: "Bere ibilgailua beste maila batera dago eta zail da gurearekin bere marketara gerturatzea".

Hala ere, herritarrak helburu bakarra zuen buruan proba lehen postuetan amaitzea. Horrek Euskadiko txapelketa berrestea suposatuko bailuke.

Aitor Manso, Talex ibilgailua gidatzen, Urrakira igoeran. Arg.: Aitor Manso.

Eta igarri moduan, entrenamendu saio eta bi eremu kronometratuetan Joseba Iraola nagusi izan zen eta errekor berria ezarri zuen lasterketan; 02.45,778 ean osatu zituen bizkaitarrak bigarren igoera. Bakarra izan zen hiru minutuetatik jaisten.

Manso herritarrak bere lasterketa egin zuen eta entrenamendu zein lasterketetan bere marka ontzea lortu zuen; azkenengo igoeran 03.06,277 egin zuen eta horri esker bigarren sailkatu zen proban.

Txapelketa eskura

Era horretara, bere helburua lortu du herritarrak. Lehiaketan egindako proba eta postuei esker, Mendiko Euskadiko txapelketako garaikurra jasoko du Mansok. "Joseba Iraola ez da igoera batzuetan lehiatu eta horrek eragina izan du azken emaitzean," onartu du herritarrak.

Urte intentsoa eta gogorra izan da herriko gidariarentzat. Euskadiko zein Espainiako probetan parte hartu du Mansok eta lehiaketako bi aurpegiak bizi izan ditu: "Gauza onak eta txarrak bizi izan ditugu aurten. Espainiako txapelketako Fitoko proban kolpea hartu genuen eta hurrengo proban Valdorrasen podiumera igo ginen. Gure lehenengo podiuma maila horretako lehiaketa batean. Hurrengo proban motorra hautsi genuen eta Talex M3a alokatu behar izan genuen Euskadiko probak egiteko".

Gora behera handiko denboraldia izan du, beraz, Mansok. Baina ginda ederra jarri ahal izan dio Euskadiko txapelketa eskuratuz.