Denboraldiko lehen hitzorduan urduritasuna nabari zen Maialen Chourraut kiroldegiko kantxan. Hala ere, lehen minutuetako ezinegona alde batera utzi eta Ostadar SKTko jokalariek argi utzi zuten Galdakao B baino esperientzia gehiago zutela mailan.
Galdakaok gogor aurre egin zion etxeko jokalariei eta Ostadarrek sakean izandako akatsek aukera ugari eman zizkion aurkariari. Alabaina talde urdin beltzak irmo jokatu zuen bai erasoan, baita defentsan ere eta setak eskuratzen joan zen 3-0ko (25-13, 25-16 eta 25-20) markagailua erdietsi arte.
Euskal Ligako kapitain Ruben Mendozak azaldu digunez, "zelaian sentsazio positiboak izan genituen. Taldea harreran eta defentsan finkotzen doa eta jokatzerakoan zelaian ongi antolatzen gara. Hala ere, sakean egindako hutsak murriztu behar ditugu. Egindako akatsak ez ziren aurkaria estutu nahi genuelako izan, konzentrazio falta egon zelako baizik".
Garaipen horri esker, mailako buru jarri da taldea. Partidaz partida joango dira eta hurrengo neurketa hilaren 28an, Donostian izango dute; Bera Bera Bultz izango da aurkari.
Gainerako emaitzak
Ostadar Boleibol ataleko gainerako taldeek infantil Bak izan ezik, garaipeneko puntuak eskuratu zituzten euren hitzorduetan.
Gasteizen, Euskal Ligako bigarren seniorrek 0-3 garaitu zuten Kora Green City Mendebaldea. Gipuzkoako txapelketako lehen fasea lehiatzen ari diren senior eta jubenil taldeak ere euren neurketak irabazi zituzten, Hernanin; Hernani KE 1 (0-3) eta Hernani KE 2 (1-3) izan zituzten aurkari, hurrenez hurren. Kadete mailako jokalariek Lizardi Baten (0-3) aurka erdietsi zuten garaipena Zarautzen. Donostian ere nagusi izan zen Ostadarreko infantil A taldea; Altza 0-3 gainditu zuen.
Etxean eman zen porrot bakarra, Ostadr 1- Oiarso Urdina 3. Hala ere, infantil B mailako gazteak ederki jardun ziren Oiarso Urdinaren aurka. Lehen seta eskuratu zuten (25-21) eta gainerako hiruetan gogor egin zuten borroka (22-25, 18-25 eta 20-25).