Saskibaloi ataleko III. mailako taldeak ez du denboraldi hasiera erraza izan. Lehen bi neurketetan ahaztekoak izan diren emaitzak izan ditu eta Andoaingo Zurruten aurkako partidan arantzatxoa kendu nahi zuten.
Talde urdin beltzeko jokalarien urduritasuna nabaria zen beroketaren ostean eta hori baliatuz, aurkariak norgehiagokaren erritmoa ezarri zuen lehen minututik. Hala ere, Ostadarrek markagailuan paretsu mantentzea lortu zuen. Lehen sei minutuetan markagailuan zegoen 7-8ko tanto kopurua da horren froga. Lehen laurdena amaitzeko geratzen ziren lau minutuetan Zurruteko jokalariek sendo eta gogor jokatuz uztaia defendatzea lortu zuten eta ondorioz, saskiratzeak lortzea zail egin zitzaion etxeko taldeari. Gauzak horrela, laurdena 9-16 bukatu zen.
Hurrengo bi laurdenetan jokoa parekatuagoa izan zen eta horrek markagailuan izan zuen isla. Bigarren laurdenean 17-18 gailendu zen Andoaingo taldea eta hirugarrenean 12-11ko puntu kopurua lortu zuen etxeko taldeak.
Markagailua hain estu egonda, azkeneko laurdena da urduritasun gehien sortzen duena. Horregatik etxeko jokalariak markagailuari itzulia emateko azken esfortzua egitera atera ziren kantxara. Baina ezinezkoa izan zen; Zurrutek neurketa puskatu zuen. Kalitate handia erakutsiz, bost minututan hamabost puntuko aldea ireki zuten aurkariak. Defentsan ere fin jardun zen Andoaingo taldea, Ostadarrek ezin izan zuen ia saskiratzerik egin. Ondorengo minutuetan, jokoaren erritmoa jaitsi zuen aurkariak. Markagailuan gerturatu eta jokalari guztiei jokatzeko aukera emateko asmoz, aldaketa ugari egin zituzten talde urdin beltzeko entrenatzaileek. Ez zen posible izan. Azken minutuetan, gainera, Zurrutek saskiratzeak egin eta 22ra handitu zuen puntu aldea.
II. senior taldeko entrenatzaile Gaizka Urreiztik aditzera eman duenez: “Nahiz eta partida galdu, jokalariak gogoz eta motibazioz beteta jokatu zuten norgehiagoka. Azken bi neurketetako arantza kendu genuen eta harro nago larunbatean ikusitakoarekin. Lan asko egin beharko dugu honelako neurketak irabazteko, baina talde honen nortasuna ikusirik, helburu hori lortuko dugu”.