Lehen ediziotik izan da garrantzitsua Euskaraldiko koordinazio mahaiarentzat Euskaraldiaren eragina neurtzea, bai urte jakinari dagokiona, eta baita hasieratik hona gizartean egin duen ekarpena ere; Euskaraldiak, ariketa sozial berritzailea izanik, gizartean eragitea baitu helburu.
Norbanakoetan zein, ariguneen bitartez, entitateetan Euskaraldiak izan duen eragina aztertu du, eta antolatzaileek nabarmendu dute , ariketa gizartean "normalizatu, finkatu eta egonkortu zela" sentitzen zutela, eta hala baieztatu duela azken ikerketak ere: "Euskaraldia ezaguna da gizartean, rolak hizkuntza jokaerekin lotzen dira (%60,2k lotzen ditu rola eta jokaera; hala ere, badira, oraindik, gaitasunarekin lotzen dutenak), eta ariguneen funtzionamendua ondo ulertu da, orohar". Horrek dakar, besteak beste, parte hartzaileengan Euskaraldiak duen eragina areagotzea urtetik urtera: "2022an ariketan parte hartu zutenen bi herenek, intentsitate ezberdinetan bada ere, hizkuntza ohiturak aldatu dituzte". Hori, bereziki azpimarratzeko datua da Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideen iritziz.
Metodologiari dagokionez argitu dute, aurreko ikerketak bezala, 2022koak ere bi zati dituela: lehendabizikoan, Euskaraldian izena emandako norbanakoen eta entitateen unibertso osoari buruzko datuak aztertu dira, izen ematearen datu kuantitatiboak ezagutzeko. Bigarrenean, lagin bidezko inkestetatik eta informazio kualitatiboa jasotzeko teknikak erabiliz jaso da informazioa, Euskaraldiaren eraginaren azterketa sakonagoa egiteko.
Norbanakoei eta entitateei dagozkien dafuak
Izena eman duten norbanakoei erreparatzen badiegu, berriz, 2022ko ariketan 158.440 lagunek eman zuten berariaz izena –lehen aldiz edo berrespen bidez-. Horietatik % 77,6ak ahobizi rola hautatu zuen, eta % 22,4ak, berriz, belarriprest. Aurreko edizioekiko % 11,1eko jaitsiera erakusten dutedatu horiek, eta gazteen izen emateei egin diete erreferentzia, beherakada hori azaltzeko; horienek egin baitute bereziki behera eta gizonezkoen izen ematea ere jaitsi da. Adinaren arabera, eta unibertso potentziala kontutan hartuta, 35 eta 64 urte bitartekoen artean izan du arrakasta gehien 2022ko Euskaraldiak; % 34,4 dira adin tarte horretakoak. Lurraldeari dagokionez, aldiz, Gipuzkoan izan du hedadura gehien.
2022ko Euskaraldiko parte hartzaile gehienek (% 81,9) aurreko edizioko rol bera hautatu dute. Rola aldatu dutenen artean, ahobizi roletik belarriprestera egin dute gehienak (izena eman dutenen % 6).
Entitateei erreparatuta, 8.610 izan dira, Euskal Herri osoan, 2022ko edizioan izena eman duten elkarte, lantegi eta bestelako erakundeak. Hori hala izanik, 2020arekin alderatuta, entitateen izen emateak %3,6 egin du gora (301 entitate gehiago). Euskaldunenak diren gune soziolinguistikoetan, proportzionalki handiagoa da entitateen Euskaraldiko izen ematea; 10 entitatetik 5 baino gehiago (% 56,8) hirugarren edo laugarren gune soziolinguistikoan kokatzen diren udalerrietakoak dira.
Euskaraldiak entitate horietan izan duen eraginari dagokionez, harreman mota guztietan (ariguneetako kideen arteko harremetan; bezero, herritar eta bazkideekin harremanetan; hornitzaileekin eta abar) Euskaraldiaren hamabostaldiko erabilera datuak altuagoak dira, Euskaraldiaren aurreko egoerarekin alderatuta. Harremanak euskaraz edo euskaraz gehiago diren entitateen ehunekoa 6 eta 13 puntu bitarte igo da. Euskaraldiaren ondoren ere datuak ariketa aurretik baino altuagoak mantentzen dira (4 eta 7 puntu bitarteko igoerarekin).
Ariketa sozialaren eragina
Euskaraldiaren koordinazio mahaiko kideek azaldu dute Euskaraldia "eraginkorra" dela, hala erakusten dutela datuek: "Euskaraldia, beraz, tresna egokia da euskararen erabilera sustatzeko". Azpimarratu dute baita ere eraginak inguruarekin zerikusia duela: "Izan ere, ia egoera guztietan, ingurua zenbat eta euskaldunagoa izan, orduan eta gehiago egiten zen euskaraz Euskaraldiaren aurretik, eta gehiago egin da ondorenean ere; inguru erdaldunagoetan, ordea, Euskaraldiaren eragina gehiago nabaritu da, aldaketa handiagoa izan da".
Ariketaren eraginaren erakusle argia bezela azaldu dute elkarrizketa elebidunak izateko orduan parte hartzaileek egin duten aurrerapausoa, hala, % 44,7tik %76,5era igo baita bi hizkuntzetan ematen diren elkarrizketetan euskarari eusten diotenen portzentajea. Bestalde, ikerketan parte hartu dutenentzat zailena izan da orain arte erdaraz ziren elkarrizketak euskaraz edo ele bitan izatea. Azken honetan, baina, errazagoa egin zaie jokabide hori hartzea Euskaraldiaren ondoren.
Aurrera begira ere baietz Euskaraldiari
Aurrera begirakoaren inguruan galdetuta, "asko dira" Euskaraldiarekin lortutako aurrerapenari jarraipena eman nahi dioten entitateak, hala gaineratu dute ekimenaren arduradunek: "Zehazki, hiru entitatetik batek erantzun du Euskaraldiak hizkuntza-ohituretan ekarritako aldaketak etorkizunean ere mantenduko direla uste dutela, eta hori hala izateko neurriak hartuko dituztela gainera". Norbanakoei dagokionez, parte hartu dutenen gehiengoak hurrengo edizio batean parte hartzeko prestutasuna adierazi dutela ere jakinarazi dute, baina ariketak "aldaketa edo berrikuntza" beharra duela ere gaineratu dute.
Aurrera pausoak ematearen garrantziaz ohartuta, eragile eta norbanako ezberdinekin gogoeta prozesu bat egin dute Euskaraldiko antolatzaileek; horretatik etorriko da, hein batean, Euskaldiaren 4. edizioa.