Andaluziako kulturaren erakusleiho izan da beste behin Okendo plazako karpa

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urr. 22a, 21:59

Semblante Andaluzek XX. Aste Kulturala aurrera eraman du asteburuan. Datari dagokionez, ohi baino beranduago iritsi bada ere, aldatu ez dena harrera izan da, prestatutako egitarauak herritar ugariren interesa piztu baitu.

Bi egunera mugatu dute aurten XX. Aste Kulturala eta Okendoko karpa beterik egon da ekimen guztietan. Goizak haurrei begirakoak izan dira: jolasak, eskulanak, aurpegi margotzea, txiki diskoa... Igandean erraldoi eta buruhandien kalejira ere izan dute. Plazan dantzan aritu dira irudiak, eta ondoren, Oaintxe In Deu! txarangako lagunekin batera karpa barrura egin dute. Begira zituztenek osatutako biribilaren barruan jarri eta dantzan aritu dira han ere. Irudietako batekin arazotxoa ere izan dute, karparen goiko aldea jo duelako. Kanpoan eta Askatasuna parkean korrika ibili dira buruhandiak. Lana eman diete haurrek, gogo handia baitzuten kolpeak saihestu eta ihesi ibiltzeko. 

Erraldoiak ez dira, ordea, karpa barruan dantza egin duten lehenak ezta azkenak ere izan. Larunbat arratsaldean horretarako aukera zabala izan zen. Sevillanak eta runba flamenko saioekin, azken hau Amaia Gonzalez Caballerok gidatuta; eta behin beroketa eginda, Sabor a sur talde flamenkoaren musikarekin jarraitu zuten gorputza mugitzen. Gaua The Gu taldearen kontzertuak amaitu zuen. Igandean, berriz, Semblante Andaluzek egun duen talde bakarrak, Duendek, emanaldia egin du. Laukoteak bospasei pieza dantzatu ditu oholtza gainean, karpan zeuden guztien arreta bereganatuta. Arratsaldean, nahi izan dutenek ere zenbait aukera izan dute: sevillana dantzaldia, Lourdes Motiñok gidatutako Fit Gipsy Dance saioa edota Semblante Rociero koruaren emanaldia bera. 

Eta noski, zer jan eta edan ere izan da karpa zabalik egon den denboran. Andaluziako produktuen salmentaz gain, bi bazkari herrikoi ere egin dituzte. Sukaldari taldea larunbat goizean patata zuritzen aritu zen, marmitako goxo baterako oinarrizko osagaia. Igandean, berriz, lana bestelakoa izan da, mahaien bueltan eseri direnentzako paella prestatu behar izan baitute. Zerbitzatzeko modu egokiena bilatzen buruhausteren bat izan badute ere, denek izan dute lehenago edo geroago mahaian platera.