Semblante Andaluzek Aste Kulturaleko ekimenak aurrera eramateko Okendon jarri duen karpa zabaltzen ari zirela, Atsobakarreko egoitzan zain zegoen Jose Maria Mellado. Berak izan du topaketan parte hartzen ari diren emakumeei harrera egiteko ardura. Iritsi ahala, elkartera sartu eta hura ikustera gonbidatu ditu. Sukalderaino eta harago. Ordu laurden inguruz izan dute bisitarako, txu txu trena iritsi arte. Ibilgailura igo direnean, Melladok herriko 30 bat argazki zituen orri sortak banatu dizkie, bidean emango dizkien herriaren historiari buruzko azalpenak laguntzeko.
Lehen geltokia udaletxea izan da eta zain zuten Agustin Valdivia alkatea udalbatza aretoan. Aulkietan eseri dira emakume gehienak, baina alkateak nahi izanez gero, zinegotzien lekuan jartzeko aukera ere bazutela esan die. Bost bat animatu dira "u" itxurako mahaiaren iskinetan esertzera. Alkateak eskerrak eman dizkie udalerrira etortzeagatik eta Lasarte-Oria beti "herri abegikorra" izan dela nabarmendu du, bertakoek eta "lan edo aukera hobeen bila etorritakoek" eraikia. Esan duenez, herriaren historiak azaltzen du bere aberastasun kulturala, eta horretan, "oinarrizkoak" dira erregio etxeak.
Halaber, Gipuzkoako kultur tradizioaren "aniztasunaren bihotzean" erregio etxeetako emakumeen "lan nekaezina" dagoela adierazi du. "Zeuek, zeuen dedikazio eta pasioarekin, norberaren erregioaren herentzia eta sustraiak bizirik mantendu dituzue, horien guztien ulermena eta batasuna sustatzearekin batera". Izan ere, Valdiviaren iritziz, topaleku izateaz gain, erregio etxeak komunitateen arteko zubi ere badira, "gure kultur desberdintasunaren edertasuna nabarmentzen dutenak". Hortaz, euren jardunaren garrantzia ere goraipatu eta eskertu du, "aniztasunaren, adiskidetasunaren eta elkar ulertzearen enbaxadore zarete".
Elkarrekin lanean jarraitzera deituz eta egun atsegina igarotzea opa eginez amaitu du alkateak prestatuta zuen agurra. Hurrengo hitzordua arte denbora zutenez, herriaren historiari buruzko zertzelada pare bat eman dizkie ere. Partaideen txalo eta esker hitzekin amaitu da saioa.
Handik, Ama Brigitarren komentura joan dira. Eliza atarian talde argazkia egin, eta barrura sartu dira. Felix Garitanok agurtu ditu eta tokiari buruzko azalpenak eman dizkie hogei bat minutu luzatu den bisitan: 350 urte dituen komentua nola sortu zuten, Brigida santua nor izan zen, egungo mojen jarduna zein den...
Trenera berriro igo eta Hipodromora abiatu da taldea. Han buelta eman eta Oriara jo dute,Txitxardin ingurua ikusteko asmoz. Bazkaria Guadalupeko Ama Extremadura Etxean egingo dute eta emakumeek elkarteetan duten parte hartzeaz hitz egingo dute.