Semblante Andaluzek abiatu du XX. Aste Kulturala

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urr. 20a, 20:29

Andaluziako kulturaren erakusleiho izango da beste behin Okendo plazako karpa. Aurten, asteburu bakarrera mugatu badute ere, askotariko ekimenak izango dira larunbat goizetik igande iluntzera. Egitarauari hasiera, ordea, Atsobakarreko egoitzan eman diote Juguetes de niño sádico liburuaren aurkezpena eta Ohorezko Ardoa eginez.

Olga Serrano herritarrak duela urtebete kaleratu zuen bere lehen eleberria. Bost urtez landutako 200 orriz osatutako obra hizpide izan du  Goizeder Lamarianorekin izan duen solasaldian, Marcapaginas agentzia editorialeko kidea bidaide izan zuen egileak liburuaren prestaketan.

Granadan girotutako istorioari buruzko xehetasun gutxi eman nahi izan dituzte, irakurri ez dutenak ez baldintzatzeko ezta zapuzteko ere. Edukian sakondu beharrean, idazketa prozesuaz, moldeaz, orri artean ageri diren zenbait gaiez edota inspirazio iturriez aritu dira; salbuespen gisa, ohartarazpen bat egin dute, ordea. Izenburua irakurrita nobela beltzetik gertuko zerbait espero duena, oker da; protagonistak sufrimenduari buruz egingo duen gogoeta bati egiten baitio erreferentzia: Jainkoak norbanakoak jostailu moduan darabiltza eta aspertu artean haiek mintzen ditu.

Serrano bere bigarren eleberrian lanean ari dela aipatu du, bertaratu diren hogeita hamar bat lagunek galderak egiteko aukera izan dutenean. Amaieran, nahi izan dutenek ale bat erosi eta egileak sinatzeko aukera izan dute. 

Aurkezpenaren ondoren, Ohorezko Ardoaren txanda izan da. Agustin Valdivia alkateak eta gainerako udal zinegotziek ez dute hutsik egin. Carlos Blancok hitz batzuk esan ditu ongietorria emateko, eta aukeran zutenetik bakoitzak nahiago izan duen edaria hartuta, topa egin dute. Edariaz gain, bildu diren bazkide, lagun eta gonbidatuei lunch-a ere eskaini diete.

Larunbata, urriak 21

  • 11:00etan, karparen irekiera.
  • 11:00etatik aurrera, aurpegi margoketa, haur jolasak eta pote tiro txapelketa.
  • 11:00etan, haurrentzako marrazki lehiaketa.
  • 12:30ean, txiki diskoa.
  • 14:30ean, bazkari herrikoia: marmitakoa.
  • 16:00etan, sevillana dantzaldia.
  • 17:00etan, zunba saioa, Saito gimnasioko kideen eskutik.
  • 18:00etan, runba flamenko saioa, Amaia Gonzalez Caballeroren eskutik.
  • 19:30ean, Sabor a sur talde flamenkoaren emanaldia.
  • 21:00etan, sevillana dantzaldia.
  • 22:30ean, rock kontzertua, The Gu taldearen eskutik.