Aloña Mendi taldeko Jon Presa Herranz herritarra, hilaren 15ean, aldiz, Bilboko XVII. Nazioarteko Miliako proba irekian azkarrena izan zen. Herriko kirolariak 1.609 metroko ibilbidea lau minutu eta 49 segundotan egin zuen eta maila horretako errekorretik segundo batera geratu zen.
Beste herritarrik ere izan da lehen hamarren artean. Hilaren 14an, Oiartzunen VI Urkabera Igoera proban Axeriak taldeko Beñat Los Arcos Ayerdi herritarra hirugarren izan zen. 1,6 kilometro eta 190 metroko desnibel positiboa duen proba 09.28ko denboran egin zuen.

Egun horretan bertan, Hiru Handiak proba jokatu zen. Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko (LOTME) hiru kidek –Borja Granado Macazaga, Ainhoa Martinez Lauroba eta Jon Palet Amunarriz– egin zioten aurre 110 kilometroko probari. Gorbea, Anboto eta Aizkorri igaro ostean, Granadok (12.24.45) eta Martinezek (22.06.55) Araiako helmuga zeharkatu zuten eta lehena hamaikagarren sailkatu zen.
Bestelako probetan ere izan dira herritarrak hilaren 12an. El Pilar - Martutene Jaietako krosean izan ziren Roberto Pera Agudo (25.09), Gorka Alvarez Esteibar (27.59), Jose Manuel Peña Asensio (28.36), Oscar Lopez Esteve (36.36) herritarrak eta Lasarte-Oria Traileko Mertxe Casas (32.51) kidea; Nerea Arteaga Martiarenak (35.45), aldiz, Tolosako Herri Krosean parte hartu zuen.