Haurrei zuzendutako programak GurasoLeku, Amaraun Kluba eta Gazte Kluba dira: 0 eta 5 urte bitarteko haurrak dituzten sendiei zuzendutako ekimen eta hitzaldiak; 2 eta 8 urte artekoentzako aisia ekimen edota familian egiteko jolasak, tailerrak eta abar; eta 9 eta 12 urte bitartekoentzako aisia jarduerak aurrera eramaten dituzte, hurrenez hurren. Gazteentzat, berriz, Kuadrillategi (DBH 1-4 mailakoentzat) eta Faktoria (16 eta 18 urte artekoentzat) aisialdi egitasmoak martxan dituzte dagoeneko.
Helduek ere badute nola murgildu euskararen uretan. Talde iraunkorrak hiru izango dira aurten: Plaza Dantza, Xumela korua eta Titare jostungintza. Horrez gain, aukera dute Solaskide programan jarduteko, hau da, euskalduntze prozesuan ari diren pertsonak eta ohikoan hizkuntza horretan trebetasun osoz mintatzen direnak elkartzen dituen horretan. Gainera, zenbait ikastaro egin ahalko dituzte, hilabetero bat.
Bestalde, bertsolaritza eta beste diziplina artistiko batzuk uztartzen dituen Udaberriko Bertso Saioa prestatuko dute aurten ere eta zenbait erakusketa, kontzertu eta bestelako jarduera antolatu Jalgi Kafe Antzokian.
Herriko jaietan ere bai
Bere egitasmoak aurrera eramateaz gain, Lasarte-Oriako ospakizun ugari prestatu edo antolatzaileekin kolaboratzen du. Horren adibide dira Euskal Jaia, San Tomas eguneko azoka, Olentzero eta Mari Domingiri harrera, Euskal Inauteriak, haurrentzako ekimenak Inauterietan, Azkorteko erromeria, sanpedroetako jarduerak edota Santa Ana eguneko ospakizunak.