Buruntzaldea IKTko Igea eta Martin igerilariek Itsas zeharkaldien Ligako sariak jaso dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urriaren 20a

Igea (ezkerreko irudia) eta Martin (eskuineko argazkia), dominak jasotzen. Arg.: GIF.

Hilaren 11n, 2022-2023 denboraldiari amaiera eman zion Gipuzkoako Igeriketa Federazioak (GIF). Donostiako Kirol Etxean ospatu zen GIF Galan iazko ikasturteko modalitate ezberdinetako sariak banatu zituzten eta ekainetik irailera egin den Itsas Zeharkaldiko Ligako saria jaso zuten igeriketa taldeko bi kidek. Absolutu, junior eta infantil mailako kideek denboraldia hasiko dute bihar, Ordizian; Neguko Ligako lehen jardunaldia jokatuko dute

Buruntzaldea IKTko hamaika kidek parte hartu dute Ligan, baina Laura Igea eta Juan Vicente Martin igerilariak sailkapeneko lehen postuetan amaitu zuten lehiaketa. 

Beterano 2. mailako lehen postuan sailkatu zen Martin, udan, eta txapeldunaren urrezko oroigarria eman zion federazioko ordezkariak ekitaldian. Igerilariak guztira 400 puntu eskuratu zituen; honako itsas zeharkaldietan lortu zituen puntuak: Itzurun, San Anton Bira, Getaria-Zarautz eta Paseo Berria.  

Igeak, aldiz, San Anton Biran, Getaria-Zarautz, Paseo Berria eta Kontxako Badia Itsas zeharkaldietan egindako lanarengatik 397 puntu batu zituen eta Master + mailako bigarren postuan sailkatu zen Ligan. Hori dela eta, zilarrezko domina jantzi zioten galan.

Lehen hitzorduak

Bestalde, hilabeteko prestaketaren ostean, Buruntzaldea IKTko igerilariak lehian hasiko dira.

Infantil, junior eta absolutu mailako kideak izango dira lehenak uretara jauzi egiten. Bihar, hilaren 21ean, Ordizian emango diote hasiera txapelketa garaiari; Majori kiroldegian Neguko Ligako 1. jardunaldiari aurre egingo diote.

Estilo guztietako probak gainditu beharko dituzte federatu zein eskola mailako igerilariek. Horien artean, proba luzeak nabarmentzen dira: bizkar zein tximeleta estiloko 200 metroko proba, 1.500 m. librea eta 200 m. lau estilo proba. 4 x 200 m. erreleboa ere lehiatuko dute igeriketa taldeetako kideek.  

Alebin mailako kideak ere gogor ari dira lanean. Lehen jardunaldia astebete geroago izango dute, hilaren 28an, eta gainera, Maialen Chourraut Kiroldegian jokatuko da.

Ligako saioan bakarkako hiru proba izango dituzte: 200 m. lau estilo, 100 m. libre eta 50 m. bizkar. Taldeka 4 x 200 m. libre lehiatuko dute. 

Buruntzaldea IKTko igerilariek izan dezaketen denboraldiko lehen lehiaketako urduritasunari maila aldaketa edo proba berrietan lehiatzea gehituko zaie kasu batzuetan. Hala ere, igerilekuan lehiatzeko gogoz daude gaztetxoak.