Bularreko Minbiziaren Aurkako Mundu Egunarekin bat eginez, osasun etxearen aurrean batu dira merkatariak, gaur eguerdian. Azpimarratu dute, aipatu gaixotasunaren aurkako borroka "gizarte osoaren konpromisoa" dela. Eta hain zuzen ere, eginkizun horrekin bat egiten dutelako egin dute gaurko agerraldia.
Gogorarazi dute, gaixo dauden emakumeen artean, mota horretako minbizia (bularrekoa) dela pairatzen duten ohikoena. Honako datu hau ere ezagutarazi dute: "Zortzi emakumetik 1ek izango du bularreko minbizia". Iaz, hau da 2022. urtean zenbat kasu atzeman ziren ere azaldu dute: 1739.
"Kontzientzia hartzeko eguna"
Urriaren 19ak, aipatu eritasunari aurre hartzeko ikerketak duen garrantziaz kontzientzia hartzeko behar duela nabarmendu dute merkatariek. Prebentzio goiztiarrean ere jarri dute fokua, eta honako hau esan: "Gaixotasun larria den arren, senda daiteke garaiz atzematen bada".
Agerraldiarekin amaitu aurretik, euren babesa erakutsi diete bularreko minbiziaren aurka ari diren elkarteei; horien artean, gogoan izan dute Iñurri ere. Eta eskaera bat eginaz amaitu dute; erakundeei eskatu diete herritarrak sentsibilizatzera bultza ditzatela, eta ikerketek aurrera jarrai dezaten euren ahaleginak egin ditzatela ere galdegin diete.
Arrosa koloreko zapi eta xingolak soinean egin dute agerraldia, eta euren komertzioetako erakusleihoak ere kolore bereko puxika eta zapiekin atondu dituzte.