Gaztetatik datorkion zaletasunaren erakusleiho

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urr. 18a, 09:45

Javier Soler bildumagile donostiarraren Sonidos en el recuerdo / Soinuak gogoan antzinako irratien erakusketa bisita dezakete herritarrek, egunotan, Antonio Mercero aretoan. Igandera arte (hilak 22) izango dute horretarako aukera. Astegunez, 18:00etatik 20:30era izango da ikustera joateko ordutegia, eta, jaiegunetan, berriz,  11:00etatik 13:00etara. 

Gaztetatik, gutxi gorabehera 17 urte zituenetik datorkio irratiekiko zaletasuna Javier Solerri. Gogoan du gurasoen etxean bizi zenean hasi zela horiek pilatzen, hortaz, pentsa, gaurdaino horietako zenbat biltzea lortu duen. 

Multzo horretatik aukeratutako 60 irratirekin osatu du Antonio Merceroko erakusketa, eta horien guztien artean, garai ezberdinetako altxor ederrak ikus ditzakete bisitariek. Badira, besteak beste, duela 90 urteko irratiak, 1930. urtekoak. Horiek dira Solerren kuttunenak, "antzinakoenak". Bertaratzen direnek, ikusiko dituzte baita ere Bigarren Mundu Gerrako gerra gurdi bateko irrati bat, edota 1933. urteko Alemania naziko aparatu bat ere bai; azken hori semeak handik ekarria. Eta antzinako irrati bat barrutik nolakoa den ere ikusi ahal izango dute bertaratzen direnek, izan ere, erakusgai jarritakoen artean bada bat metakrilatozko estalki garden bat duena. Biltzen dituen irratiak konpondu ere egiten dituela kontatu dio TXINTXARRI-ri, aldizkariak erakusketara egindako bisitan. 

Erakusketak, harrera "ona"

Iragan ostegunean, hilak 12, zabaldu zituen ateak erakusketak, eta ordutik hona, bisitariak gerturatu direla kontatu du Solerrek; uste du interesa piztu duela: "Egun hauetako batean 40 bat lagun bildu ginen aretoan, jendeak interesa zuela erakutsi zuen, galderak egoten zizkidaten". 

Igande honetan, hilaren 22a izango da erakusketa ikustera joateko azken eguna. Horrela, lanegunetan 18:00etatik 20:30era egongo da aretoa zabalik eta, eta, jaiegunetan, berriz,  11:00etatik 13:00etara. Joaten direnek, bertan topatuko dute Soler, hortaz izango dute edozein zalantza argitzeko edo galdera egiteko aukera.