Agustin Valdivia alkateak Gipuzkoako Foru Aldundiak kiroldegi berria finantzatzeko 1.200.000 euroko laguntza esleitu duela jakitera eman du atzo egindako agerraldian.
Udalburuaren hitzetan Aldundiak lurraldeko herri ezberdinen artean banatzen dituen laguntza lerro bati dagokio eta horri esker udalak arnasaldi txikia hartuko duela onartu du. "Albiste onak ere eman behar dira eta poztekoa da Aldunditik kopuru hori jaso izana. Lurraldeko herrien artetik kopuru handiena jaso dugunak izan garela esan daiteke," adierazi du Valdiviak.
Baldintzetako bat diru hori 2025 urtean erabili behar dela da eta alkateak arazorik ez dagoela azaldu du: "Aurreikuspenen arabera kiroldegi berriko lanak 2024 urtetik 2026 urteko hasierara egingo dira".
Lasarte-Oriako Udala eskertua dago eskuratutako laguntzarekin. "Gipuzkoako Foru Aldundiari eskerrak eman nahi dizkiogu. Esfortzu handia izaten ari da azpiegitura handi horretarako dirua lortzea".
Era berean, beste finantzaketa iturri izango den Hipodromo Etorbideko etxeen banaketaren berri eman du: "Oraindik ez da prozesua amaitu. Etxebizitza, garaje eta lokal batzuk esleitu gabe geratu ziren eta bigarren erronda bat egingo da. 14 milioi bat izan daitezke guztira eskuratuko ditugunak".
Lehiaketa martxan
Lanen esleipen prozeduraren nondik norakoak ere azaldu ditu udalburuak.
Pausoak honakoak izan dira. Lehiaketako pliegoak udan landu ostean, prozedura martxan jarri eta enpresek euren proposamenak aurkezteko epea izan zuten irailean.
Bost eskaintza jaso ditu udalak. Lehen eskutitz azala ireki da eta dokumentazio guztia aztertu behar dute orain udal teknikariek puntuazioa emateko. Azaroan aurrekontuak dituzten gutun azalak irekiko dira eta urte amaierarako esleipena egitea espero du Udalak.