Beroari aurre eginez, hiru mila bat korrikalari bildu ziren hilaren 8an, Donostiako lasterketa lehiatzera eta herriko ordezkaritza zabala izan zen.
Lehen metroetan buruko postuetan izan ziren Raul Gomez Margallo eta Aloña Mendi taldeko Jon Presa Herranz herritarrak. Kilometroak egin ahala, gerora irabazle izango zen Ander Sagarzazu donostiarrak hartu zuen aurrea eta atzetik hiruko taldetxo bat sortu zen, Presa herritarra barne. Azken kilometroetan talde hori desegiten joan zen eta Aloña Mendi taldeko kidea hirugarren postuan (31.47) iritsi zen helmugara. Gomez Margallok, aldiz, 32.16 behar izan zuen proba amaitzeko eta bosgarren sailkatu zen.
Egun horretan bertan Zumaiako Flysch Traila ere lehitu zen. Bertan bi herritar izan ziren proba ezberdinetan parte hartzen; 23 kilometroko proban Iñigo Beldarrain Otaegi (02.28.14) izan zen eta 14 kilometrokoan, aldiz, Nerea Arteaga Martiarena (01.26.31).
Hilaren 7an, Anbotoko kilometro bertikalean ere izan zen herritarrik Atxondon, Bizkaian . Xabier Mujika Urruzola (49.28) eta Enaitz Ibarburu Zuriarrain (01.19.58) herritarrek 3,8 kilometro eta 1.092 metroko desnibel positibolo ibilbidea egin zuten.
Horiez gain, hilaren lehenean, Orreaga-Zubiri Mendiko Maratoi erdia ere jokatu zen. Done Jakue bidetik barrena antolatzen den proba horretako helmuga igaro zuten bi herritarrek: Fran Toquero Alvarez (02.02.34) eta Sergio Rivera Dominguez (02.19.04).