Txus Alonso Jaietako zinegotziak eta alkate Agustin Valdiviak iragarri dute berria. Alonsok azaldu modura, parte hartze prozesu baten bitartez, 47 proposamen jaso ditu udalak. Irailean konpartsekin batu eta guztiak aztertu ostean, Inauterietako gai nagusia Oihana izatea adostu zuten. "Gai asko zeuden eta adostasun batera iristea zail izaten da, baina azkenean gaia dugu", adierazi du Jaitako batzordeburuak.
Orain Inauterietako egitaraua lantzen hasiko dira. Hainbat bilera egingo dituzte konpartsa eta herritarrekin; lehena hilaren 17an, asteartearekin, 19:00etan, Gaztelekuan izango da. 2023 urtekoaren antzera egitaraua anitza eta adin guztiei zuzendutakoa osatu nahi dutela nabarmendu du Jaietako arduradunak. "Inauteriak herri guztiari irekitako jaia dira. Horregatik herritarrei dei egiten diegu bileretara gerturatzeko," adierazi du Alonsok.
Horrez gain, aurten ostalaritzako establezimenduekin ere lanketa berezi bat egin nahiko lukeela aurreratu du.