Maialen Chourraut, lehiatik "Geldiezinak" egitasmora

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urriaren 9a

Maialen Chourraut, Munduko txapelketako irudian. Arg.: BAT Basque Team.

Maialen Chourraut herritarra Munduko Kopako finalean lehiatu da, hilaren 5etik 8ra, Vaires-sur-Marne, Frantzian. Herritarrak ezin izan du eslalon zein kayak kros lehiaketetako finaletarako sailkatu. Bestalde, herritarra Geldiezinak dokumental saileko zein podcast sortetako protagonistetako bat izango da

Eslalon probarekin hasi zuen Chourrautek txapelketa. Hilaren 5ean laugarren denbora onenarekin (101,24) lortu zuen finalerdirako txartela. Egun bat geroago, ordea, ezin izan zuen finaleko lehian egon; bi ateetan huts egin eta 107,30 eginez hamabosgarren amaitu zuen. 

Kayak kros modalitatean ere ez zuten gauzak hobera egin. Sailkapen probak gainditu eta lehne kanporaketan lehiaketatik kanpo geratu zen herritarra. 

"Geldiezinak" egitasmoa

Horrez gain, Geldiezinak proiektuko protagonistetako bat dugu  Maialen Chourraut herritarra.

Euskal kirolaren historian nabarmendu diren hainbat emakumeren lana eta lorpenak balioetsi eta belaunaldi berrientzako erreferenteak sortzeko helburuarekin Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak eta Basque Team Fundazioak Geldiezinak proiektua jarri du martxan.

Ekimenaren baitan, Korima Films-ek ekoitzitako Geldiezinak dokumental saila eta podcast sorta bat egin dira euskal emakume kirolari esanguratsuekin. Maialen Chourraut herritarra zein Ibone Belaustegigoitia Joko Olinpiko batzuetan lehiatu zen lehen emakume euskalduna edo Edurne Pasaban alpinista eta Karmele Gisasola, Nerea Arruti eta Alazne Etxaburu herri kiroletako izarrak dira protagonistetako batzuk.

Atalez atal, emakumeen kirol unibertsoaren berezitasunak ulertzen lagunduko duten gai interesgarriak landuko dira; hala nola, amatasuna, estereotipoen haustura, plangintza espezifikoen beharra emakumearen fisiologia kontuan hartuta eta kirol erakundeetako erabaki postuetan emakumeen presentzia bultzatzeko beharra.

Non eskuragarri

Dokumental saila ETB1eko Helmuga saioaren barruan eskainiko dute, igandeetan, 11:30ean. Lehen atala hilaren 15ean izango da. 

Horrez gain, kapituluen bertsio elebiduna eta azpitituluduna Basque Team Fundazioaren kanal ezberdinetan (YouTube, webgunea eta sare sozialak) zein EiTBko Primeran plataforman egongo dira eskuragarri.

Podcastei dagokionez, EiTB taldeko plataformen bidez entzun ahal izango dira saioak eta bakoitzak hogei minutuko iraupena izango du.