Biyak Bat elkarteko kideek asteburuan gauzatu dituzte Adinekoen Omenezko Asteko azken jarduerak. Larunbat goizean IX. Ibilaldi Neurtua egin zuten Okendotik abiatuta. 24 bikotek parte hartu zuten eta izena ematerik izan ez zutenetako batzuk haiekin batera joan ziren, beren denborak kontuan hartu ez arren. Igandean, berriz, aitortza egin diete urrezko ezteiak bete dituzten hamasei bikoteri. Ama Brigitarren komentura kalejiran joan dira, trikiti eta pandero doinuekin. Haiekin batera egin dute bidea Agustin Valdivia alkatea, Lourdes Acevedo zinegotzia eta Biyak Bat elkarteko zuzendaritzako zenbait kidek. Aipamena egin die Felix Garitano apaizak eta abestu ere egin diete omenduei. Hala ere, aintzatespen nagusia egoitzan bertan egin diete. Oroigarri, lore sorta eta opariak banatu dizkiete eta data berezia gogoratzeko, Arantzazuko Ama parrokiako eskaileretan talde argazkia egin dute. Ospakizuna biribiltzeko bazkaria egin dute Herriko Etxean.