Ostiral arratsalde berezi eta polita pasatu zuten Basotxo plazan bildu ziren auzotarrek. Zabaletako auzo elkarteak Udazken Festa antolatu zuen berriki hasitako urtaroari ongietorria emateko. Haurrek udazkenari lotutako marrazkiekin mural bat osatu zuten eta amaitzean elkarteko lokalean jarri zuten ikusgai. Ondoren, afari merienda egin zuten plazan bertan erretako sardinekin, bizilagunek ekarritako patata tortillekin. Gazta, txorizoa eta bizkotxoa ere izan zituzten aukera. Hori dena Samba Badago taldeak girotu zuen iluntzean.