Saskibaloiaz gozatzeko asteburua izango da Maialen Chourraut kiroldegian

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urriaren 5a

Aurreko denboraldiko senior mailako neurketa.

Asteburuan Ostadar Saskibaloi ataleko senior eta infantil mailako zein Kadete partaidetzako taldeek hasiera emango diote lehiaketa ofizialari. Kadete Errendimendu urrea mailako Ostadar SKT-k bakarrik izan zuen jardunaldia irailaren 30ean eta ez zuen zorterik izan ZAST Kurayeren aurka

Zast Kurayeren aurka neurtu zituen indarrak Jonatan Reinoren taldeak Zarautzen. Neurketa parekatua izango zela zirudien arren, etxeko taldea 62-37 gailendu zen

Ongi hasi zuen partida Ostadarrek. Ederki borrokatu zen talde urdin-beltza; aukerak ongi baliatu zituen eta lehen laurdena aurretik amaitu zuen, 8-10.

Norgehiagokaren erritmoa mantendu zen eta Reinoren jokalariek errenta mantentzea lortu zuten. Alabaina, atsedenaldirako lau minutu faltan, Zarautzek markagailuari itzulia eman zion eta zazpi puntuko aldea ireki zuen.

Bigarren zatia ez zen hobea izan. Etxeko taldea erasoan nagusitu zen, batez ere, azken laurdenean eta tartea handitzen joan zen.

Gehienak martxan

Ostadar Saskibaloi ataleko taldeak mailakatuta ari dira lehian sartzen. Jokoan ari diren bi taldeei senior eta infantil mailako zein kadete partaidetzako jokalariak batuko zaizkie, hilaren 7an eta 8an. Bi egunetan saskibaloiaz gozatzeko aukera zabala izango da Maialen Chourraut kiroldegian. 

Larunbatean, goizeko 09:30ean, Infantil Partaidetzako Ostadar taldearen neurketa izango da; ZAST 2010 A taldea izango da aurrean. Hitzordu bikoitza izango dute gainera talde honetako jokalariek; hilaren 8an, Lezon jokatuko dute.

Etxeko neurketetara itzuliz, 14:00etan, Infantil Errendimendu Urreko taldea Easo Basket Mendiola izango du aurrez aurre. Eta arratsaldean senior mailako taldeen txanda izango da, lehen taldeak Añorga KKE izango du aurkari; III. mailako taldeak, aldiz, Eibar Saskibaloia C. Hitzorduak 16:00etan eta 18:00etan izango dira, hurrenez hurren. 

Hilaren 8an, 9:30ean, Kadete Errendimendu urrea taldeak Bera Bera gainditzeko borrokatuko da, 11:15ean, bitan banatuko da kantxa eta Infantil partaidetza mailako Ostadar Urdin eta Beltza taldeak aterako dira lehiara; SaskiAxular Pagola eta ZAST Tronautak taldeen aurka jokatuko dute.

Kadete Partaidetza mailako jokalariek kanpoan hasiko dute lehia, Donostian eta Junior Errendimendu zilar taldeak Azpeitian izango du norgehiagoka.