Aintzane Usandizaga: "Liburuez eta elkarrizketez taldean gozatzeko espazio bat da irakurle txokoa"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2023ko urr. 6a, 09:00

Aintzane Usandizaga, irakurle txokoan, 'Kabitu ezina' liburuari buruz solasean.

AINTZANE USANDIZAGA LASARTE-ORIAKO IRAKURLE TXOKOAREN DINAMIZATZAILEA

Erronka polita du aurretik idazle lasarteoriatarrak, azken hamar urteetan taldea gidatu duen Uxue Alberdiren lekukoa hartuta. "Arduraz eta ilusioz" ariko dela azpimarratu du.

Hilaren 17an ekingo dio ikasturteari Lasarte-Oriako irakurle txokoak, asteartearekin, Sherwood Anderson idazlearen Winesburg, Ohio liburua hizpide hartuta. Manuel Lekuona Kultur Etxeko 3. solairuan elkartuko da taldea, 18:30ean. Berrikuntza nabarmen bat iragarri dute kurtso honetarako: taldea Aintzane Usandizaga herritarrak dinamizatuko du aurten, Uxue Alberdiren lekukoa hartuta. Idazle lasarteoriatarrarekin hitz egin du TXINTXARRI-k.

Zer da irakurle txoko bat?

Irakurle txokoa liburuez eta elkarrizketez taldean gozatzeko espazio bat da. Liburu zehatz bat izaten da abiapuntu, baina honetaz soilik jarduteaz haratago, gai ugariz solasean aritzeko leihoak zabaltzen dira.

Zein da halako egitasmoen helburu nagusia?

Irakurzaletasuna eta literatura, bakarka egiten den jarduera soila izateaz gain, partekatu litekeen interes eta plazer bezala bizitzea litzateke helburu nagusia. Beste hainbat esperientzia taldean bizitzera oso ohituta gaude: kontzertuak, antzerkia, jaiak, kirol ekitaldiak... Baina irakurketa badirudi modu indibidualean soilik egin liteken zerbait dela. Baina, egia esan, norberak irakurri duena beste batzuekin komentatzeak, eztabaidatzeak... esperientzia aberasgarri bat eskaintzen du. Partekatze hori, gainera, euskaraz egiten dugu, euskal egile eta itzultzaileen lanak ezagutuz eta zabalduz.

Eta saioen dinamika?

Hilabetean saio bat egiten dugu. Aurrez proposaturiko liburua irakurri eta, elkartzen garenean, irakurritakoaren inguruan jarduten dugu. Aldian behin liburuen egileak ere gonbidatzen ditugu solasaldi hauetara, eta idazketa prozesuaz, liburua osatzen duten ezaugarriez... beste modu batean jarduteko aukera ematen digu horrek, bai eta gure idazle eta itzultzaileak ezagutzeko parada eman ere. Saio bereziak izaten dira.

Noiz ekingo diozue ikasturteari?

Hilaren 17an hasiko gara. Animatu nahi duena garaiz dabil lehen liburua eskuratu eta gurera etortzeko: Sherwood Andersonen Winesburg, Ohio izango da lehen irakurgaia, Joannes Jauregik ingelesetik euskarara itzulia.

Zalantzak baditu norbaitek, nola animatu saioetara etortzera? Zerk egiten du irakurleen txokoa erakargarri, zure iritziz?

Lagunen bati etortzeko gonbidapena luzatzean ohartu naiz askok uste dutela literatur txoko batera hurbiltzeko oso irakurle jantzia izan behar dela edo literaturaz asko jakin, eta ez da hala, inondik inora ere. Halakoak ere ongi etorriak dira, noski, baina espazio hauen helburua nork beretik partekatzea eta guztiok elkarrengandik aberastea da. Batak ikusi duena besteak ez zuen nabarituko edo hark dakiena zuretzat berria izango da... Liburutik hasten gara gainera, baina horrek gai askotaz hitz egitera eraman gaitzake. Irakurtzea umetatik maite dutenak, dual gutxi zaletu direnak, irakurtzeko ohitura hartu nahi dutenak, liburu zein egile gehiago ezagutu nahi dutenak… guztiek dute lekua irakurle txokoan, eta erabat irekia dago, gainera, nahi duena nahi duenean hurbiltzeko.

"Askok uste dute literatur txoko batera hurbiltzeko oso irakurle jantzia izan behar dela edo literaturaz asko jakin, eta ez da hala, inondik inora ere"

Urte bukaerara arteko egutegia zehaztu duzue jada. Zer landuko duzue azaro eta abenduko saioetan?

Azaroaren 21ean Garazi Arrularen Lurraz beste liburuaz jardungo dugu egilea gurekin dugula; eta, abenduaren 19an, Uxue Apaolazarekin Bihurguneko nasa lanaz hitz egingo dugu. Abendura artekoa daukagu zehaztua, hiru liburu eta bi idazle gonbidatu. Urte amaieran zerrendatuko ditugu urtarriletik ikasturte amaierara artekoak.

Uxue Alberdiren lekukoa hartuko duzu, Aintzane, aurten zuk dinamizatuko baituzu gure herriko irakurle txokoa. Erronka polita aurretik duzuna, ezta?

Bai horixe! Uxuek hamar urtez gidatu du Lasarte-Oriako irakurle txokoa eta arduraz eta ilusioz hartuko dut haren lekukoa. Talde oso polita dago herrian, eta hitzordu ederrak izango direla zalantzarik ez dut.

Zein izango da zure lana?

Liburu proposamenak egitea eta horien irakurketa partekatuak bultzatzea. Aurretik informazioa bidali, elkarrizketak pizteko amuak luzatu... Denok osatu behar dugu txokoa, denon ahotsa entzutea da aberasgarriena, baina hor egongo naiz ni akuilua prest solasak aurrera jarrai dezan eta liburuari zukua atera diezaiogun. Niretzat irakurle talde bat gidatzea esperientzia berria da, baina, ziur nago asko ikasiko dudala eta, irakurle bezala ere, niretik jartzeko eta besteenetik jasotzeko gogotsu nago.

Idazle gisa parte hartu duzu horrelako dinamiketan, ezta? Aberasgarriak dira halako harremanak egileentzat ere?

Bai, Kabitu ezina-rekin eta Zomorrotu-rekin izan naiz herriko taldean, Uxue gidari. Oso esperientzia bereziak izan ziren niretzat, eroso egon ginen eta elkarrizketa norabide askotan zabaldu zen. Oso aberasgarria da idazle moduan halako taldetara joatea. Irakurlearekin aurrez aurre hitz egiteko aukera daukazu, irakurle mota desberdinekin, gainera, eta liburuak besteengan izan dezakeen eragina, sor ditzaken irakurketak... ezagutzeko luxua eskaintzen dizu, baita zure prozesua partekatzekoa ere.