Udaleko Festak arloko buru Txus Alonsok azpimarratu duenez, "punta-puntako" kartela ekarriko dute egun horretan Lasarte-Oriara, Cadizeko txirigoten lehiaketan aurreneko postuetan sailkatu diren taldeetako hiru igoko baitira Manuel Lekuona Kultur Etxeko oholtza gainera, 19:00etatik aurrera. Ikuskizunak bi ordu eta erdi iraungo ditu eta sarrerek 14 euro balio dute. Kultur etxeko leihatilan edota Kutxabank Sarrerak atari digitalean eros ditzakete dagoeneko lasarteoriatarrek. "Programazioaren berri izandakoan, batek baino gehiagok esan digu harritzekoa dela horren maila altuko txirigotak ekartzea Gipuzkoara", nabarmendu du Alonsok. Herritar guztiak gonbidatu ditu emanaldi horretaz gozatzera.
La Chirigota de Fermín y Antoñito izango da aurrenekoa. Cadizeko Puerto Real hiritik dator eta Tó me pasa a mí: 'Los desgraciaítos ikuskizuna oholtzaratuko du. Andaluziako probintzia horretan "oso ezagun eta maitatua" dela zehaztu du Festak arloko buruak eta aurtengo lehiaketan hirugarren postua erdietsi duela. Izenburuak iradokitzen duen moduan, txirigotako parte hartzaileei zorigaiztoko hamaika gauza pasako zaizkie eta horiei ahal duten moduan aurre egiten saiatuko dira, betiere umoretik.
Zorigaiztoko lagun kuadrilla horren ostean ariko dira Chirigota El Bizcocho-ko kideak, Los mi alma izeneko emanaldiarekin. Surrealismo kutsuko ikuskizuna da, Inauteriak hastear direla garai batean gizaki izan ziren askoren arimak berpiztuko baitira. Aurtengo txapelketan laugarren postua eskuratu dute. "Sevillakoak izanagatik, oso estimatuak dira Cadizen eta puntuazio hobea merezi izan duten lehiaketan, adituen arabera", esan du Alonsok.
Azkenik, El Pópulo izeneko gladiadoreen eskola baten bueltan ardaztuko du bere saioa Cuarteto del Gago taldeak. Antolatzaileek bukaerarako utzi nahi izan dute haien ustez ikuskizun erakargarriena dena, kontuan izanda elkarte horrek irabazi duela Cadizeko txapelketa aurten.
