Agustin Valdivia alkateak adierazi du "pozik" daudela, lehiaketak "arrakasta" izan duelako. Iaz 67 argazki aurkeztu zituzten parte hartzaileek. "Egitasmo hau errotu nahi dugu herrian, eta urtez urte lasarteoriatar gehiagok parte hartzea".
Udaleko Sozioekonomia saileko buru Nuria Fernandezek xehetu ditu lehiaketaren oinarriak. Parte hartzeko azken eguna, esan bezala, hilaren 27a izango da, ostirala. Lasarte-Orian erroldatuta egon behar dute partaideek, eta bakoitzak hiru argazki bidali ahalko ditu, asko jota; horietan, udalerriko eremu edo jarduerak islatu behar dituzte. Irudi horiek originalak izan beharko dute eta formatu horizontalekoak; koloretan zein txuri-beltzean aurkez ditzakete argazkilariek, hori bai, kalitate edo bereizmen altuan (bi eta hamar megabyte arteko pisua izan beharko dute), JPG nahiz TIFF formatuetan. "Argazkiak edita ditzakete parte hartzaileek, baina minimoki; esaterako, argi gehixeago eman".
Erabakia, epaimahai batek
Hamabi hilabete, eta beste hainbeste sari: 100 euroko bonu bana argazkilari bakoitzari, herriko establezimenduetan gastatzeko. Sarituetako batek 50 euro gehiago poltsikoratuko ditu, baldin eta bere argazkia eramaten badute azalera. Horri guztiari buruz epaimahai batek deliberatuko du, eta azaro hasieran emango erabakiaren berri.
"Aurtengo egutegiaren ezaugarri berberak eraman nahi ditugu hurrengoetara: izan daitezela politak eta gertukoak", gehitu du Fernandezek.