Egokitzapenaren bidean, ongi hasi dute denboraldia. Lehen neurketan kadeteek 3-0 garaitu dute Lauburu Ibarra B taldea, Maialen Chourraut kiroldegian.
Etxeko taldea nagusi izan zen bai erasoan baita defentsan ere eta Ibarrako taldeak ez zuen aukerarik izan. Entrenatzaileak azaldu modura, "neurketako planteamendua aurrera eraman ahal izan genuen eta lasai jokatu ahal izan genuen".
Gauzak horrela, neurketa hasi bezain pronto aurreratu zen Eguzki markagailuan, Markelen jokaldi pertsonal bati esker. Lasai jokatzeko aukera eman zien golak eta minutuetara Markelek berak berriro baloia sarera bidali zuen.
Atsedenaldiaren ostean etorri zen etxekoen hirugarren gola. Kontraeraso batean baloia ongi mugitu eta Gorka Lucerok aurkarien atezaina gainditu zuen.
Neurketa amaitzeko zegoela Eguzkiko kadeteek errenta handitzeko hainbat aukera izan zituzten arren, ezin izan zituzten gauzatu.
Kadeteen prestatzaile Redondo pozarren dago gazteek lehen neurketa honetan egindako lanarekin: "Gustura nago egin zuten lanarengatik. Neurketan zentratzea gehiago kostako zitzaiela uste nuen. Baina lasai jokatzen jakin zuten eta garaipena erdietsi genuen. Egia da ere Lauburu Ibarrako B taldea dela eta horiek ere lehenengo urteko jokalari asko zituztela".
Hurrengo hitzorduei begira lehen neurketa irabazteak jokalariei eta prestatzaileari "lasaitasuna eta adorea ematen" diela ere jakitera eman du.
Hilaren 8an Zarautz Gran Camping talde izango dute aurrez aurre eta neurketaz neurketa joango direla azpimarratu du Eguzkiko entrenatzaileak: "Lehen urteko taldea gara. Gainerako taldeak ezagutu behar ditugu. Baina neurketak borrokatu ahalko ditugula uste dut".
Kadeteena ez zen Eguzki Areto Futbol taldeak lortutako garaipen bakarra izan. 1. mailako taldeak neurketa borrokatuan Gaintxu 5-4 gainditu zuen etxean. Jubenilek ez zuten zorterik izan, ordea; Antxo Pescaderia Ferreras talderen aurka 2-1 galdu zuten.