Bezeroak saritzen jarraituko du Aterpea merkatarien elkarteak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urr. 3a, 16:29

Kanpaina berri bat abiatuko du merkatari eta ostalarien elkarteak: 'Gozatu'. Hilaren 16tik 28ra izango da martxan, eta ohi bezala, bezeroen fideltasuna saritzea izango da helburuetako bat. Lasarte-Oriako Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzako Turismo sailarekin batera prestatu dute

Hilaren 16tik 28ra Aterpea merkatarien elkarteko establezimenduetan erosketak egingo dituzten herritarrek sariak eskuratu ahal izango dituzte; hala iragarri dute Aterpeako ordezkariek, gaur, prentsaurrean. 

Erosketa egitearekin batera, txartel bat jasoko dute herritarrek. Horietako batzuk sari zuzena izango dute, eta besteek, berriz, erosketa bonuen zozketan parte hartzeko izango dira. Hala, sari zuzenarena egokitzen zaienek, Aterpea pintxoa jasoko dute sari gisa; txartelak berak zehaztuko die herriko zein tabernatan kontsumitu beharko duten. Gainera, antolatzaileek zehaztu dutenez, taberna bakoitzak erabakiko du zein pintxo eskainiko dion saridunari, eta, noski, tabernan bertan kontsumitu beharko dela ere argitu dute. Mokadutxoa, doakoa izango den arren, horrekin batera edatekoa eskatzen dutenek, azken hori ordaindu egin beharko dute. Iraungitze data ere izango dute tiket horiek; azaroaren 5a baino lehen erabili beharko dituzte.  Hauek dira ekimenarekin bat egingo duten tabernak: Herriko Etxea jatetxea, Arima gastroteka, Viña del mar kafetegia, Buenetxea taberna, Arkupe taberna, B plana kafetegia, Hiru Aldeta taberna, Avenida taberna. Honako datu hau ere eman dute; guztira 9.450 tiket prestatu dituzte, eta, horietatik 800 izango dira sari zuzena izango dutenak. 

Erosketa bonuen zozketa

Sari zuzenarena ez, baina bestelako txarteltxoa lortzen dutenek, aldiz, euren datuekin bete beharko dute papertxo hori, eta erosketa egin duten komertzioak izango duen kutxatxo batean botako dute; horrela, erosketa bonuen zozketan parte hartuko dute. Guztira 2.000 euro banatuko dituzte.

Lasarteoriatarrak ekimenarekin bat egitera eta herriko komertzioetan kontsumitzera deitu dituzte.