Lasarte-Oriako aurtengo kirolari onenak zein kirol ibilbidea saritzeko prozesua irekiko da ostiralean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urriaren 3a

Udal ordezkariak, "Aukeratu aurtengo zure kirolaria" parte hartze prozesuaren aurkezpenean.

Aste honetan zehar Aukeratu aurtengo zure kirolaria parte hartze prozesuko eskuorriak banatuko dira Lasarte-Oriako etxeetan. Hilaren 6an, ostiralarekin, ekimena martxan jarriko da eta herritarrek euren ekarpenak egin ahalko dituzte

Nagore Duran Parte hartze arloko zinegotziak eta Kirol batzorde buru Goizalde Pildainek eman dute aurtengo kirolari onenen zein kirol ibilbidea sarien aukeraketaren pausoen berri.

Ekarpenak egiteko etxeetara iritsiko diren orrietan zein sarietarako hautagaia den zehaztu eta kirolariaren zein eskatzailearen datuak bete beharko dira. Udal ordezkariek zehaztu dutenez, "proposatutako kirolariek 18 urte baino gehiago izan behar dituzte". 

Proposamen txartelak udal eraikinetan dauden postontzietan utzi daitezke; internet bidez ere parte hartzeko aukera izango da. Ekimeneko karteletan zein eskuorrietan udaleko webgunera daraman QR bat aurki dezakete herritarrek eta bertan euren ekarpena egin dezakete. Hautagaiak aurkezteko azken eguna hilaren 29a izango da.

Izendapenak aztertu eta zerrenda bat bidaliko zaie kirol elkarteei. Horiek azaroaren 12ra arte izango dute euren iradokizunak egin eta bozka emateko. Azkenik udal ordezkariek osatutako batzordeak bere aukeraketa egin eta kirolari sarituak jakitera emango dira.

Abenduaren 22an egingo den Kirol Galan banatuko dira sariak. Aurten gainera sariei dagokionez berrikuntza bat dagoela jakitera eman dute agerraldian, "udala kirolarien babesle izango da eta federatua ez bada, kiroldegia doan izango du urte betean". 

Udaleko ordezkariek herritarrei eta kirol elkarteei dei egin diete euren proposamenak egiteko.