Euskal Ligako Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak errugbi taldeak ederki hasi du 2. mailako denboraldia. Herritarrez osatua dagoen taldeak – hogei jokalarietatik hamasei lasarteoriatarrak dira – Igorrera, Bizkaira egin zuten bidaia irailaren 30ean eta Arratiko Zekorrak garaitu zuen, 6-31.
Norgehiagoka berdindua hasi zen. Bi taldeek erasoan eta defentsan joko eraginkorra egin zuten eta entsegu marrara iristea zail izan zen. Gauzak horrela, 25. minutuan, etxekoek zigor kolpe bat baliatu zuten markagailua irekitzeko.
Zarautz Beltzak taldeak ez zuen amore eman eta erasoak bata bestearen atzetik josi zituen. Sei minutu behar izan zituzten beltzek entsegua lortzeko; Mikel Ibisate herritarrak egin zuen.
Ahaleginak ahalegin 3-5 iritsi ziren atsedenaldira. Ostean, indarrak berreskuratuta, bizkaitarrek zigor kolpea lortu eta zelai erditik gauzatu zuen.
Zarautz Beltzak taldeko lerroetan aldaketak egin eta gogoz erasora jokatuz Eneko Arbizu lasarteoriatarrak – Euskal Ligan estreinakoz jokatzen zuen – entsegua egin zuen.
Jokaldi horren ostean, beltzak nagusi izan ziren. Julen Cubreirok bitan eta Jokin Belokik beste batean marra igaro zuten; Belokik berak hiruetan baloia haga artera bidali zuen.
Etxekoek ez zuten markagailuan eragiteko aukerarik izan eta 6-31 amaitu zen norgehiagoka.
Bi aurpegiak
Senior 2. mailako taldearen antzera, harrobiko taldeak ere lehiatzen hasi dira. Zarautz Beltzak-eko 16 urtez azpiko eta 18 urtez azpiko taldeek Logroñon, Errioxan jokatu zuten Euskal Ligako lehen jardunaldia. Biek Envases R.C. Rioja taldea izan zuten aurrez aurre eta txanponaren bi aldeak bizi izan zituzten. Zaharrenek 14-61 irabazi zuten, gazteenek, aldiz, 46-15 amaitu zuten lehia.
Bestalde, 14 urtez azpiko mailako zazpiko errugbi modalitateko topaketa izan zen Zarauzko Asti zelaian. Zarautz Beltzak, Iruña, Arrasate, Eibar eta Mutrikuko taldeetako gazteak bildu ziren euren onena emateko.
Eta Beltzak errugbi eskolako haurrek ere jardunaldi ederra izan zuten Hondarribiko hondartzan. Gipuzkoa, Araba, Nafarroa zein Errioxako 12 urtez azpiko zein 10 urtez azpiko hainbat taldek bat egin zuten topaketei hasiera emateko. Gaztetxoek ederki harrotu zuten hondarra euren lasterketa, plakaketa eta entseguekin.
Orain Euskal Ligako taldeek bi aste izango dituzte hurrengo hitzorduak prestatzeko; hurrengo astean atsedena dute eta zubian ez da jardunaldirik izango. Hilaren 22ko asteburuan Zaisa Txingudiren aurka neurtuko dituzte indarra seniorrek eta 16 zein 18 urtez azpiko taldeek Iruña RC izango dute aurkari.
Espainiako ligak
Espainia mailan lehian ari diren herritarrek batean kale eta bestak bale egin zuten.
Ampo Ordiziak ez zuen zorterik izan Ohorezko Mailako lehen jardunaldian. Ordiziako taldeak azken minutuan galdu zuen Pasek Belenosen aurkako neurketa. Zigor kolpe batek Avileseko taldeari eman zion garaipena, 34-35. Emaitza alde batera utzita, Alex Saleta herritarrak debuta egin zuen mailan.
Bestalde, Jon Ander Puertas herritarra Malaga Rugby Klubean ari da lehian aurten. Espainiako Ohorezko B mailako C taldean dago kokatua taldea. Ligako bigarren jardunaldian, Madrilgo Ingenieros Industriales Las Rozas taldea irabazi zuten, 29-42. Puertasek entsegua lortu zuen.