Urriko kultur agenda aurkeztu dute

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urriaren 5a

Hamaika kultur jardueraz gozatu ahal izango dute lasarteoriatarrek hil honetan. Berriki aurkeztu du udalak kultur agenda, eta askotariko ekitaldiak iragarri ditu. Gaur arratsaldekoa izango da lehena; Adinekoen Omenaldi Asteak abiatu du urriko kultur agenda. Ospakizun betean dabiltza egunotan herriko adinekoak, eta aurrera eramango dituzten ekimenen artean, musika emanaldi batez gozatzeko aukera izango dute gaur. Duo Imperial taldeak kontzertua emango du 19:30ean, Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan. Sarrera doakoa dela jakinarazi dute antolatzaileek. 

Bihar zinema proiekzio batetara joateko aukera izango dute lasarteoriatarrek; Okendo Zinema Taldearen eskutik, Las chicas están bien filma ikusi ahal izango dute kultur etxean. 20:00etan hasiko da, eta bertaratu nahi dutenek, 6 euroren truke erosi beharko dituzte sarrerak, kultur etxeko leihatilan. 

Sudurgorri lasarteoriatarrek hartuko dute Manuel Lekuonako oholtza hilaren 7an. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Urteak bete, abenturak bizi ikuskizun berria aurkeztuko diete herrikideei. 17:00etan hasiko da, eta sarrerek agortuta daudela ohartarazi dute antolatzaileek. 

Haur eta helduentzako zinema saio bana

Ikasturte berria abiatzearekin batera itzuliko dira haur eta helduentzako zinema saioak ere; hilaren 8an izango dira lehen bi proiekzioak. 17:00etan, Superheroien familia ikusi ahal izango dute etxeko txikienek, eta bi ordu eta erdi geroago, hau da, 19:30ean, La voz del sol emango dute helduentzat. Batera zein bestera joateko sarrerak erosi beharko dituzte interesdunek; haurrentzako proiekzioarenak 4 euro balio dute, eta helduen saiorako txartelek, berriz, 6 euro. 

Opera zaleek ere izango dute hitzordurik. Hilaren 11n Giuseppe Verdi-ren Aida emango dute kultur etxeko auditorioko pantaila handian. 19:00etan izango dela iragarri dute antolatzaileek, eta sarrerek 7,5 eta 9,00 euro artean balio dutela. 

Erakusketa, Mercero gunean

Javier Solerren eskutik, Sonidos en el recuerdo  erakusketa bisitatzeko aukera izango dute lasarteoriatarrek. Antzinako irratiak jarriko ditu ikusgai, eta hilaren 12tik 22ra izango da horiek ikustera joateko aukera, honako ordutegian: lan egunetan, 18:00etatik 20:00etara, eta, jai egunetan, aldiz, 11:00etatik 13:00etara. 

Cadizko Txirigoten emanaldia izango da hilaren 13, ostiralarekin. Kultur etxeko auditorioan izango da, 19:00etan, eta bertaratu nahi dutenek, 14 euroko sarrera erosi beharko dute. 

Helduentzako antzerki bat izango da hurrengo egunean; Pez Limbo taldeak Itsas behera oholtzaratuko du. 20:00etan izango dela iragarri dute, eta sarrerek 6 euro balio dute. 

Haur eta helduentzako beste zinema saio bana izango da hilaren 15ean. Ohi bezala, arratsaldeko lehena txikientzako izango da, 17:00etan. Me he tragado un extraterrestre proiektatuko dute, eta sarrerek 4 euro balio dute. Helduen saioan, berriz, Campeonex emango dute; 19:30ean izango da. Azken hori ikustera joateko sarrerek 6 euro balio dute. 

Okendo Zinema Taldearen eskutik, beste film proiekzio bat izango da hilaren 20an. Cerrar los ojos ikusteko aukera izango dute herritarrek, 6 euroren truke. 

Bi egun geroago, hilaren 22an haur eta helduentzako zinema saio bana egingo dituzte. 17:00etan izango da txikienen saioa, eta Rally Road Races filma ikusiko dute bertaratzen direnek. Bi ordu eta erdi geroago emango dute helduena: Cerrar los ojos. Sarrerek, ohi bezala, 4 eta 6 euro balio dituzte, hurrenez hurren. 

Dantza ere bai

Euskal Antzoki Sareak antolatuta, XIX. Dantza Zirkuituak hartuko du kultur etxea hilaren 27an. Nun batu dira gure ahotsak? ikuskizuna ekarriko du Node-Bat konpainiak. Kultur etxean izango da emanaldia, 20:00etan, eta sarrerek 6 euro balio dute. 

Lasartearra elkarteak 50 urte bete ditu, eta urteurren hori ospatzeko hainbat jarduera aurrera eramaten ari da. Horien artean, hilaren 28an Alboka abesbatzak eta Zero Sette akordeoi taldeak kontzertua emango dute auditorioan. Hilaren 28an izango da hori, 19:00etan, eta sarrerarik ordaindu beharko ez den arren, bertaratzeko gonbidapenak eskuratzea ezinbestekoa izango da. 

Eta udalaren azken bi film proiekziok itxiko dute hilabeteko kultur agenda. 29an izango dira horiek; 17:00etako saioan Richard la cigüeña y la joya perdida ikusiko dute bertaratzen diren haurrek 4 euroko sarreraren truke. 19:30ekoan. aldiz, Barbi proiektatuko dute, helduentzat. Sarrera horiek 6 euro balio dute.