Ikasturteko lehen Azken Ostirala aurrera eraman dute

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 29a, 21:07

Iraila hasiera hilabetea da, udako oporraldiaren etenaren ondoren, ekimen asko bueltan diren unea. Amaitzear dela heldu da Azken Ostirala dinamikarentzat itzulera. Herrian, Lasarte-Oriako Sarek antolatutako mobilizazioan 75 bat lagunek parte hartu dute, "euskal preso, iheslari eta deportatu guztien eskubideen alde" egiteko.

Elizatze plazan elkartu dira 20:00etan. Pankarta eusten ari ziren hiru lagunekin batera,  jada, bertan zeudenei beste batzuk gehitu zaizkie hurrengo minutuetan. Sareren irudi berria duten banderolak eta pankartan agertzen diren hiru presoen –Jabi Gallaga, Ibon Fernandez Iradi eta Aitzel Iriondo– kartel bana eskaini dizkiete eraman nahi dituztenei. Hamar bat minutu geroago abiatu dira Kale Nagusian barrena eta biribilgunera iristean, behera egin dute Geltoki kaletik Okendora bidean. Plazan biribilean jarri, eta Pili Kastresanak irakurrita, Sarek eta Etxeratek adostutako idatzia entzun dute. 

Errepikatu dute ez dutela "inongo pribilegiorik" eskatzen, salbuespen egoera indargabetu eta lege arrunta aplikatzea baizik,  hau da, "euskal preso guztiak etxera bidean jartzea besterik ez". Izan ere, idatziaren arabera, "nekez uler daiteke" ETAren jarduera amaieratik hamabi urte eta desagerpenetik bost baino gehiago pasata, "espetxetik irteteko zigor krudela ezartzea oraindik orain pertsona horiei". Zehaztu dutenez, bataz beste 20 urteko zigorrak bete dituzte presoek eta badira 30 urte baino gehiago kartzelan daramatzatenak.

Espainiako Auzitegi Nazionalaren eta fiskaltzaren jarrerek "mendekuan eta gorrotoan gotortutik" jarraitzeko hautua egin dutela salatu dute ere, eta horren erakusgarri, Aitor Zelaiak eta Galder Barbadok jasotako epaia. Espainiako Auzitegi Gorenak maiatzean berretsi zuen haien aurkako lau urteko espetxe zigorra eta egunotan kartzelaratuko dituzte. Hori dela eta, bihar arratsaldean, hilak 30, Gasteizen bi gazte arabarrei babesa adierazteko egingo duten manifestazioan parte hartzeko deitu dituzte bertaratutakoak, baita elkarretaratzearen amaieran egin duten talde argazkian agertzera ere.

Aldarrikapenekin jarraituz, "espetxe politika humanistaren legezko helburua" betetzen ez duten jarrerak alde batera utzi eta "etorkizunari eta elkarbizitzari ateak irekitzeko unea" dela uste dute; preso, iheslari eta deportatuen auziari irtenbidea bilatzeko. Horretarako Sarek bere helburuak azaltzen jarraitu behar dituela uste dute, izan ere, "euskal gizarteak berak, alderdi politikoek, sindikatuek, gizarte erakundeek eta herritarrek izan behar dute salbuespenari eta arbitrariotasunari amaiera emateko giltza. Gutako bakoitzak badu bere esku gauzak aldatzea".

Horrez gain, duela 22 urte auto istripuan hil ziren Iñaki Saez eta Asier Heriz gogoan izan dituzte eta gaitzetsi dute bai haiek bai sakabanaketak eragindako gainerako hamalau hildakoek ez dutela oraindik aitortza ofizialik izan.