'Ezmezean' izeneko maketa ondu du Maialen Aristegik

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 29a, 07:45

Maialen Uribek diseinatu du 'Ezmezean'-en azala. Diseinua: Maialen Uribe.

Maialen Aristegi kantautore lasarteoriatarrak Ezmezean izeneko maketa ondu du, grabatutako bere lehenengo sorkuntza lana: lau abestik osatzen dute lana eta aurrerapen kantua, Bilatu gabe aurkitutakoak, gaur bertan jarriko du entzungai zenbait plataformatan (YouTube, Bandcamp, Soundcloud, eta abar). Gainerakoak, berriz, datorren asteko astelehenean.

Horrez gain, fisikoki ere eskuratu ahalko dute Ezmezean herritarrek, CD nahiz kasete formatuetan. Maketa eskuratu nahi dutenek egilearekin jarri behar dute harremanetan Instagram (@txatxamatxalinatxu_) edo Twitter (@_ezin_esan) sare sozialen bidez, edo, kalean ikusiz gero, berari eskatu, zuzenean.

Artikulu hau ilustratzeko erabili dugun irudia Maialen Uribe herritarrarena da; berak diseinatu du Aristegiren estreinako lanaren azala.