Solaskide, Plaza Dantza eta jantzi tradizionalen ikastaroa hastear daude

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 29a, 07:30

Plaza Dantzako lagunek muxikoen saioa egiten dute hilean behin.

Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak elkarlanean aurrera eramaten dituzte Solaskide nahiz Plaza Dantza egitasmoak eta Jantzi tradizionalen ikastaroa. Hiruei ekingo diete laster, urri hasieran. Izen emateak irekita daudela gogorarazi dute.

Euskaraz hitz egiteko usadioa dutenak ohitura ez dutenekin elkartzean datza Solaskidek. Urriaren 1etik 31ra inskriba daitezke partaideak, Ttakunen bulegoan nahiz herriko euskaltegietan (Udal Euskaltegia eta Muntteri AEK) topatuko dituzten eskuorrien bidez.

Jantzi tradizional dotore askoak egingo dituzte aipatu ikastaroan, abendura bitarte, Emakumeen Zentroan. Saioak astearte eta ostegunetan izango dira, 15:30etik 17:30era, urriaren 3tik aurrera.

Azkenik, euskal dantzak ezagutu eta horietan trebatzea du xede Plaza Dantza programak. Urriaren 3an hasiko da hori ere. Entseguak astearteetan egingo dituzte Sasoeta ikastetxeko gimnasioan, 20:00etatik 21:30era.

Izena emateko edota informazio gehiago eskuratzeko Ttakunen bulegora (Geltoki kalea 4, behea) etorri, 695 78 53 89 telefonora deitu edo kultura@ttakun.eus helbidera idatzi dezakete herritarrek.