Chourrautek taldekako domina jantzi du Munduko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko irailaren 27a

Maialen Chourraut, Munduko txapelketako finalerdia lehiatzen. Arg.: BAT Basque Team.

Maialen Chourraut Eslaloneko Munduko txapelketan lehiatu da hilaren 19tik 24ra, Lee Valey-en, Britainia Handian. K1 eta Kayak kros modalitateetan parte hartu du herritarrak.  Bakarkako lehian finalerdietan izan da eta taldekakoa podiumera igo da

Lee Valeyko kanala ezaguna du Maialen Chourrautek; 2012ko Joko Olinpikoetan bere lehen domina eskuratu zuen, brontzea. Munduko txapelketan K1 lehian finalaren ateetan geratu zen, ordea. Finalerdiko saioan ederki ari zen herritarra, baina palarekin kanalaren behea jo eta denbora galtzeaz gain atea bat ukitu zuen.

Kayak kros lehian ere finalerdira iritsi zen Chourraut. Baina gerora irabazle izango zen Kimberly Woods britainiarrak ongi itxi zion bidea herritarrari jaitsieran eta finalera sailkatzea ezinezkoa izan zen.

Bakarkako lehietan finaletan egoterik izan ez bazuen ere, K1 mailako taldekako proban zilarra jantzi zuen Lasarte-Oriako piraguistak. Hilaren 19an, Olatz Arregi eta Laia Sorribesekin batera taldea osatu zuen. Jaitsieran denbora onena egin zuten, 15. atean egindako akats batek bi puntuko zigorra gehitu zien, ordea. Horri esker Australiak eraman zuen urrea.

Paris helburu

Nahiz eta K1 modalitateko finaletatik kanpo geratu, herritarrak 2024ko Joko Olinpikoetarako plaza lortu zuen Espainiako selekzioarentzat. Txartel horrek ez du jaberik oraindik eta Parisen lehiatu ahal izateko Lasarte-Oriako piraguistak gogor egin beharko du lan denboraldi berrian.