Taldea berritua du Jose Lopezek; bigarren taldeko jokalari ugari igo dira eta "esperientzia" emango dien fitxaketak ere egin ditu. Ederki egin dute lan lehen hitzordu horietarako prest egiteko: "Pozarren gaude osatu dugun taldearekin; talde orekatua dugu. Ez dugu helburu finkorik eta neurketaz neurketa hobetzen joatea espero dugu". Baina Eguzkiko prestatzaileak onartu bezala, aurkari zaila zuten kopako lehian, Oiartzun.
Defentsa lan ederra eginez, kontraerasoan aukera ugari izatea lortu zuen etxeko taldeak eta horietako batean, markagailuan aurre hartu zuen Lopezen taldeak. Atsedenaldia baino lehen gauzak aldatu ziren, ordea. Eguzkik bi akats egin eta Oiartzunek ongi baliatu zituen 1-2 jartzeko.
Bigarren zatiaren hasiera ere ez zen hobea izan. Aurkariak aldea irekitzea lortu zuen, 1-4 eta ondorioz, defentsan arriskatzen hasi zen etxeko taldea. Ez zen ongi atera; 3-7 amaitu zen partida.
Liga zaila eta polita
Hilaren 29an, aldiz, Ligako lehen hitzordua izango dute etxean, 20:50ean. Lopezek onartu duenez, liga zaila eta polita izatea espero dute aurten: "Talde garrantzitsuen filialak igo dira mailara eta hori joko mailan nabarituko da. Ikusleek partidetaz gozatu ahalko dute".