Urtero lez, aurtenngo ikasturteari hasiera emateko leloa aurkeztu dute; Euskara, bidaia harrigarria! aukeratu dute 2023-2024rako, izan ere, euskara ikasteko izena eman duten ikasleek "bidaia bati" ekingo diotela nabarmendu baitute euskaltegiko ordezkariek, eta gaineratu, bidaia horretan "mundu berri bat ezagutzeko eta gozatzeko aukera" izango dutela: "Gogoan izan herri eta kultura guztietan hizkuntza izaten dela altxorrik preziatuena".
Euskaltegiko arduradun eta irakasleek badakite ikasle bakoitzaren helburua desberdina dela: "Batzuek hizkuntza eskakizun bat nahi dute lana, oposaketak, edota orain puri-purian dagoen egonkortzea lortzeko. Beste batzuek, ordea, lagun, lankide edo familia giroan hitz egiteko, atzenduta dutena berreskuratzeko edota hizkuntza ohiturak aldatzeko. Guraso direnek, berriz, euren seme-alabei etxerako lanak egiten laguntzeko, beste herri edo lurralde batzuetatik etorritakoek gure artean hobeto sentitzeko … hainbat izan daitezke asmoak". Xedea edozein dela ere, ikasleek "esperientzia handiko irakasle profesionalak" izango dituztela alboan azpimarratu dute euskaltegiko ordezkariek.
Bestalde, gaur egun familia, lana, ikasketak, eta abar uztartzea "oso zail" egiten dela jakinik, ikasleei "txandaka" aritzeko aukera eskaini zaie, maila bakoitzean hiru talde izango baitituzte goiz, eguerdi eta iluntzean. Horrek, bideragarri egiten du euskara ikastea beste eginkizun batzuekin.
Udalaren aldetik ere, laguntza handia jasoko dute ikasleek. hain zuzen ere, ikastaroa amaitzean %85eko asistentzia bete badu, proportzio berean berreskuratuko baitu matrikulan ordaindutakoa eta, gainera, mailaren bat gaindituz gero, %15 emango dio HABEk. Beraz, ikasleak B2 mailara arte euskara doan ikasteko aukera izango duela ohartarazi dute euskaltegiko ordezkariek. Aurten, gainera, bada beste berrikuntza bat. 2005, 2006 eta 2007an jaiotakoek C1 maila prestatzeagatik 20 euro besterik ez dute ordainduko, gainerakoa HABEren kontura izango baita.
Amaitzeko, izen emate epea bukatu bada ere, oraindik matrikula daiteke. Norbaitek zalantzaren bat edukiko balu, jar dadila Udal Euskaltegiarekin harremanetan, honako bide hauen bitartez: telefonoz 943-36 16 21 edota idatz dezala e-maila euskaltegia@lasarte-oria.eus.
Lasarteoriatarrak bidaian parte hartzera animatu dituzte.