Gorengoen Mailako taldearen partidak ikustera joatera ohituta daudenei arraroa egiten zaie oraindik eskuin nahiz ezker hegaletara begiratu eta Rodriguez jokatzen ez ikustea, 10 zenbakidun kamiseta urdin-beltza soinean. Alebinetatik hasi eta lehen taldera iritsi arte, hamabost denboraldiz jokatu du Ostadarren.
Gutxi dira kolore urdin-beltzei horrenbeste denboraz leialak izan eta kirol ibilbide osoa Lasarte-Oriako klub horretan jorratu dutenak, eta, horregatik, merezitako omenaldia jaso zuen Ostadar-Lengokoak partida hasi aurretik, ekainera arte taldekide izan zituenen eta Imanol Bardaji lehendakariaren eskutik. Aldageletatik jaitsi eta ilara luzea osatu zuten bi taldeetako jokalari eta entrenatzaileek. Segidan atera zen Rodriguez, Bardaji alboan eta Dani Lopez eta Julen Lopez kapitainak atzeraxeago. Zelai erdira iritsi, makil eta argazki bana jaso eta ohorezko sakea egin zuen.
Festa ez zen hor amaitu, neurketa ere halakoa izan zelako etxekoentzat, donostiarrei 3-0 irabazita. Jon Iruretagoienaren jokalariek kosta zitzaien norgehiagokari neurria hartzea, baina 30. minutuan Xabi Etxeberriak arerioen atea zulatzearekin batera baloiaren jaun eta jabe bilakatu ziren urdin-beltzak. Santesek eta Unai Bardajik sartu zituzten beste bi golak.
Bi partida, sei gol alde eta bakar bat ere ez kontra. Ostadarrek ederki ekin dio denboraldiari eta txapelketa hasi besterik egin ez bada ere liderra da oraintxe. Asteburu honetan arerio gogor batekin neurtuko ditu indarrak, Allerrurekin. Lezotarren aurkako neurketa, kontuan izanda multzoko oilarretako bat direla, aproposa izango da lasarteoriatarren maila zein den ikusteko.