EDUKI BABESTUA

Euskaraz hazi eta hezi, euskaraz bizi

Txintxarri Aldizkaria 2023ko irailaren 25a

GurasoLekun izena emateko azken egunak direla gogorarazi dute lan mahaiko eragileek

GurasoLeku egitasmoa martxan jarri dute hori koordinatzen duten lan mahaiko eragileek. Ikasturte berria eta helburu berbera: Lasarte-Oriako haurrak ahalik eta hiztun osatuenak izatea. Xede horretara bideratuta eta familia tipologia desberdinetara egokituta dauden hiru programa barnebiltzen ditu: GurasoLagun, GurasoTegi eta GurasoLandia. Lehenengoan, euskaraz hitz egiteko gai den pertsona bat (bidelaguna) elkartzen da horretarako ohitura ez duen batekin (bidelaria), azken horrek mintzatzeko beharrezko mekanismoak barnera ditzan. Bigarrenean, euskara eskolak jasotzen dituzte gurasoek AEK euskaltegian eta oinarrizko gaitasunak landu. Azkenik, hirugarrenean, beste bi ataletako partaideak elkartu eta aisialdiarekin zerikusia duten jarduerak aurrera eramaten dituzte haien haurrekin batera; familiartean tarte atsegin batzuk igarotzen dituzte, nola ez, euskaraz. 
Gero eta errotuago dago proiektua herrian, badirelako makina bat ikasturte GurasoLeku abian jarri zutela; 2014-2015 kurtsotik ari dira, hain zuzen. 


Izena emateko epea, hilaren 29ra arte
Lehen aipatutako koordinazio foro hori osatzen duten eragileek (Sasoeta-Zumaburu eskola, Landaberri ikastola, Andrejoakinaenea haurreskola, Burunzpe Guraso Elkartea, Landaberri Guraso Elkartea, Muntteri AEK Euskaltegia, Lasarte-Oriako Euskara Batzordea eta Ttakun Kultur Elkartea) gogorarazi dute GurasoLekun izena emateko epea zabalik dagoela oraindik; interesa dutenek hilaren 29ra arte izango dute horretarako, haurraren ikastetxearen edo Ttakun KEren bidez.
Antolatzaileek herriko guraso oro animatu dute egitasmoan parte hartzera. Behin inskripzioak jaso eta epea itxita, urrian jarriko dituzte martxan GurasoLagun, GurasoTegi eta GurasoLandia. 

 

Ikasturte honetako programa:

Testigantzak