Ez daudenak gogoratu dituzte lehenik. Zumaburuko Arantzazuko Ama elizan meza egin dute haien omenez, bereziki, aurten hildako biak aipatuta. Erketzeko bi kidek Agurra dantzatu dute elizkizunaren amaieran, txistularien doinua jarraituz. Irteeran, arkuekin eta ezpatekin zain zituzten gainerako dantzariak. Denak irten eta elkar agurtu ondoren, Lasartearrako kideek eta Erketzekoek talde argazkia egin dute eliza atarian. Handik elkarrekin joan dira Isla plazaraino.
Han jarritako puzgarrietan jolasean zebiltzan haurrak. Beraiekin zeuden helduek edo bertaratu direnek aukera izan dute dantzarien emanaldiaz gozatzeko. Lasartearrako bazkideak ilaran jarri dira, haien parean, musikariak, eta tartean, dantzariak. Zenbait piezaren ondoren txalo artean bukatu dute saioa. Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak hartu du lekukoa eta poteo girotuari ekin diote. Kalez kale joan dira Ilargi tabernan lehen geldialdia egin arte. Han, kantutegiak banatu ditu abeslariak -kanta bakoitzaren aurretik orrialde zenbakia esan die parte hartzea errazteko- eta lehen tragoak hartu bitartean, hiruzpalau kantatu dituzte. Jarraian Arkupe tabernara joan dira gauza bera egitera. Hala bete dute bazkalordura arteko tartea.
Erribera kaleko elkartean zain zituzten Agustin Valdivia alkatea, beste bazkide batzuk, eta elkarteetako ordezkariak. Guztira, 75 bat. Menu goxoa jan dute giro apartean. Hasierako gisa zainzuriak, hestekiak eta plantxan egindako otarrainxkak; gero, zapoa muskuiluekin eta azpizuna piper gorriekin, eta bukatzeko, kremaz betetako hostopila eta izozkia.
Ospatzea merezi duen urteurrena
Azkena banatzen hasi aurretik, Txomin Balza lehendakariak hitza hartu du. "Gauza asko gertatu dira 50 urtetan, bazkide asko joan zaizkigu, gazteak sartu dira, senideengandik elkartea oinordetzan hartu dugu. Hortaz, 50 urteak ospatzea oso garrantzitsua da; horregatik, zuzendaritza eta batzordea saiatu gara festa egiten", hunkituta isildu behar izan du. Gainerakoek txaloekin erantzun diote eta lortu du amaitzea: elkartearen alde topa egitea proposatu die banatzen ari ziren xanpainarekin. Zutik jarrita eta Topa dagigu abestia lagun, hala egin dute denek. Jarraian, hil diren bazkideen omenez Xalbadorren heriotzean abestu dute.
Omenaldiekin hasita, oroigarriak banatzeko unea heldu da. Elkartearen sorrera paperak egiten lagundu zuen Lourdes Sarabia eta Lasartearraren armarria eskuz brodatu zuen Valentina Gaiza izan dira lehenak. Agustin Valdivia alkatearen txanda izan da jarraian, emandako laguntza guztia eskertzeko. Gelditu gabe, sorrera egunetik bazkide diren eta elkarteari eutsi dioten bazkideen (han zeudenak) txanda izan da: Miguel Alkorta, Joxe Gomez, Pedro Mari Arsuaga, Julian Barrio, Julian Beitia, Mikel Etxarri, Patxi Ilarramendi, Fernando Izagirre, Javier Peña. Horiei Bilintxen Triste bizi naiz eta kantatu diete. Amaitzeko, Saustatxo, Palomo Linares, Intza eta Buruntzazpi elkarteko ordezkariak deitu ditu Balzak eta oroigarriak trukatu dituzte, argazkia egin aurretik.
Kantuan, dantzan eta giro onean jarraitu dute bazkalostearekin.