Udazkena hasi berri bada ere, arratsaldeak ekaineko ohikoa zirudien, buruan duguna eguzkitsua eta epel-beroa bada. Duela hiru hilabete ez bezala, halakoa izan da gaur eguraldia, eta hori lagun zutela ordubete luzeko erakustaldia egin dute dantzariek. Plazan jarritako aulkiek eta hesiek osatutako gunea izan dute agertoki eta eserita edo zutik, herritar ugari izan dute begira.
Lierni Rekondok aurkeztu ditu Euskal Herria zeharkatu duen bidaiaren piezak. Gipuzkoatik abiatu dira. Agurra, Desafioa eta Ezpatadantzak Nafarroara bidean jarri ditu. Erronkariko Ttun-ttun eta Otxagabiako dantzekin, Ipar Euskal Herrira iritsi dira kabalkadako martxak, makil jokoak eta kontradantzak ekarrita.
Binaka, taldean, emakumeak bakarrik, gizonekin batera... antolaketa, jantzi eta molde desberdinetan aritu dira dantzan. Eta ez dantzan bakarrik. Nafarroako zatia amaitzean, kideetako batek musikariekin batera Iluntzean kanta abestu baitu eta ikusleetako batzuek lagundu diote. Tarte bakoitza amaitzean bezala, txaloekin agurtu dituzte dantzariak bertaratutakoek.