Zirkuituaren mendeurrenean bueltatu dira kotxe klasikoak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 23a, 19:30

San Sebastian Circuit Spirit VI. Rallyaren partaideak Lasarte-Orian barrena ibili dira larunbat arratsaldean. Andoaindik Hipodromora iritsi eta geldialdia egin dute, ordu erdiz gertutik ikusteko emanez herritarrei. Ondoren, Oriarantz abiatu dira, Hipodromo etorbidea eta Kale Nagusia zeharkatuta. Zirkuitu ibilbidean erregulartasun proba egin dute. 

 

Ferrari, Aston Martin, Rolls Royce, Porche... puntako marken lagin zabala eta auto klasikoak. Ia 150 guztira. San Sebastian Circuit Spiriti esker, seigarren aldiz, 1923-1935 urteen artean Lasarte-Orian izandako nazioarteko auto zirkuitua gogora ekarri dute, hain zuzen ere, 100 urte bete dituenean. 

Gutxika iristen joan dira autoak Bugati ingurutik eta Hipodromo atzealdetik iritsi dira atarira. Sartu eta harmarrien inguruan utzi dituzte ilaran aurreko aldean, hiru lerrotan atzealdean. Berrelkartzerako ordu erdi aurreikusita zituzten antolatzaileek, eta denbora horrek aukera eman die bertaratutako herritar ugariei kotxe ikusgarriez gozatzeko: begiratu, ukitu, argazki edo bideoak egin. Txundituta zeuden asko aurrean zutenarekin, eta batzuen hitzetan inbidia puntu bat ere atzeman zitekeen. Gidariek elkarren artean mintzatu, konponketa txikiren bat egin, edo zerbait hartzeko aukera izan dute tabernan. 

Minutu batzuk gehiago itxaron dituzte falta zirenei iristeko aukera emateko, baina ez dira nahikoa izan. Lehenak irtenda zirenean, oraindik ere dozena bat kotxe heldu dira.

Barrualdetik hipodromoaren aurrealdera joan da jendea, irteera ikusteko. Klaxona joaz eta eskuarekin agur egin diete, eta lehen zuzenean abiada handitzeko eskatu dietenei ere jaramon egin diete gehienek.  Hala, gasolina usainak eta motor burrunbak bete dute gunea.

Orian zain zuten Lasarte-Oriako Udaleko Kirolak saileko buru Goizalde Pildain. Erregulartasun tarte bat egin dute gasolindegia pasata dagoen autobus geltokitik  Zirkuituaren pasealekuaren amaieran dagoenera. Zinegotziak irteera eman die eta handik, zirkuitu zaharrati buelta bat eman diote. Hau da, Andoain, Urnieta, Hernani, Errekalde, eta herria zeharkatuta, abiapuntutik A-1 errepidea hartu dute Donostiara bidean.