Bizikleta izan da larunbat goizeko protagonista

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 23a, 15:10

Europako Mugikortasun Astearekin bat egin du Lasarte-Oriako Udalak beste behin, eta Artelatz Ingurumen Zerbitzuak enpresak prestatutako azken ekimak aurrera eraman dituzte larunbat goizean. Protagonista, nola ez, bizikleta izan da. 

Okendo plazan bigarren eskuko bizikleta azoka prestatzen ari zirela, bizikleta martxako partaideak agertu dira. Lehentxeago botatako zaparrak norbait atzera bota izan balu edo, ordu laurden itxaron dute ea norbait gehitzen zitzaien. Baten bat batu zaie, eta azkenean, bost izan dira bi begiraleekin batera ibaiertzeko bidegorritik Michelin atzera, handik, Urbileko bidegorrira; eta Euskotrenetik plazara buelta egin dutenak. 

Abiatu direnean minutu gutxi batzuk falta ziren salerosketei ekiteko eta azken bizikletak utzi dituzte saltzaileek. Guztira 67 bizikleta eta patin zeuden aukeran. Hasi eta berehala egin dute lehen erosketa topatutako pagotxa ez galtzeko. Eguerdira artean, beste asko izan dira inguruan eta pilaketarik izan ez bada ere, jendea etengabe ibili da joan-etorrian. Begiratu, probatu, ukitu, aztertu... onena aukeratu nahian beraien tartea hartu dute batzuek. Ondoan, arkupeetan irakurketa txokoa jarri dute eta lasai begiratu nahi zutenek haurrak han uzteko, edo besterik gabe, ipuin artean ibili nahi zuten txikientzat.

Handik gertu, Kale Nagusian, jolasak zain zituzten haurrek. Ibilgailuei itxitako zatia jolastoki bilakatu dute beste behin. Zintza lasterketa eta trebetasun zirkuituan ibili dira, baina zorua bustita zegoenez hiru bat erori egin dira eta antolatzaileek kentzea erabaki dute. Zinta lasterketa utzi dute eta gustura ibili dira haurrak. Ez diete zail jarri. Eskuarekin zinta hartu dute gehienek, gutxi izan dira arkatza uztarrian sartzen ahalegindu direnak, zorte gutxirekin. 

Haien ondoan, plaza aurrean, herri kiroletan aritu dira. Lokotx bilketa egin dute, lasterkaldi bakoitzean pixka bat zailduz jolasa. Bizkarrez korrika bueltatu beharra, oin bakarraren gainean saltoka... Gero giza probarekin saiatu dira, baina ahalegindu arren, indarra falta izan zaie. Horregatik, inguruan zeuden gurasoek edo begiraleek lagundu diete gurpil gaineko laguna batetik bestera eramaten. Berdin-berdin ondo pasatu dutela zirudien.