Usurbilgo Baxurde krosean izan zen ordezkaritzarik zabalena. Hilaren 17an, eguraldi paregabearekin, lasterkariek 10,9 kilometroko ibilbidea egin zuten eta Usurbilgo erdiguneko eta Santuenea zein Zubietako bideetatik barrena korrika egin zuten.
Ehun bat parte hartzaile izan ziren lehian eta lasarteoriatarren artean, Julen Ormazabal izan zen lehena helmugara iristen; hamaikagarren postua (42.38) eskuratu zuen. Gainerako herritarrak Asier Gorostegi (47.51), Mikel Benito (51.21), Joseba Vigara (52.43), Naiara Hernandez (54.21), Aritz Solano (54.36) eta Javier Martin (01.00.40) izan ziren.
Mendian lehian
Egun berean, Uharte Arakil - Beriain Km Bertikala lehiatu zen, Nafarroan. Andoni Mujika herritarrak Sakanako paisaia zoragarriaz gozatzeaz gain, probako bost kilometroak eta 1.023 metroko desnibel positiboa 01.02.10 markarekin gainditu zituen.
Bestalde, hilaren 9an, Aretxabaletan II. Ikazkin Trail jokatu zen. 21 kilometro eta 1.200 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidea egin zuten parte hartzaileek eta Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko (LOTME) Xabier Mujikak 02.12.03ko denbora behar izan zuen helmugara iristeko.
V. Mendi festa igandean
Atzera kontaketa hasi da. Bi egun geratzen dira; Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteak antolatzen duen Mendi Festako V. edizioa hilaren 24an, igandearekin izango da.
Aurten Andatza eta Belkoain mendietatik barrena bi ibilbidetaz –luzea (26, 5 km) eta motza (15 km)– gozatu ahalko dute parte hartzaileek.
Ibilbideen informazio gehiago eta izen emate formularioa elkartearen webgunean (www.lasarteoriatrail.com) daude eskuragarri. Federatuek 16 euro ordaindu behar dituzte eta ez federatuek, aldiz, 18. 16 urte baino gutxiago dituztenek 12 edo 14 pagatu beharko dituzte, hurrenez hurren.
Urriko irteera
Mendi festaz gain, LOTMEko kideek urteko jarduerei jarraipena emango diete urrian. Hil horretako 21ean eta 22an, bazkide eta elkarteko lagunek Pirinioetara egingo dute irteera, Panticosara (Huesca) zehazki eta Garmo beltza igoko dute.