GurasoLekun ez beste lau programetan begirale aritu nahi dutenek aukera dute lan poltsan izena emateko, formulario hau beteta: labur.eus/hezitzaileak2324.
Haurrak, hiztun oso
GurasoLeku egitasmoa HH0 eta HH5 mailen arteko umeei eta euren gurasoei zuzenduta dago. GurasoLagun, GurasoTegi eta GurasoLandia izeneko adarren bidez, haurrak ahalik eta hiztun osoenak izatea du xede, eskolen eta familien arteko elkarlana sustatuta. Lehenengoan, euskaraz mintzatzeko gaitasuna duen pertsona bat (bidelaguna) elkartzen da horretarako ohitura ez duen batekin (bidelaria), azken horrek mekanismoak har ditzan. Bigarrenean, euskara eskolak jasotzen dituzte gurasoek, eta oinarrizko gaitasunak landu. Azkenik, hirugarrenean, beste bi ataletako gurasoak elkartu eta aisialdiko ekimenak egiten dituzte haurrekin; euskaraz hitz eginez gozatu eta familiartean tarte atsegin bat igarotzea dira helburuak.
Izen ematea haurren ikastetxearen edo Ttakun KEren bidez egin dezakete herritarrek hilaren 29a baino lehen, ostirala.
Amaraun eta Gazte Kluba
Amaraunen elkartuko dira 2 eta 8 urte arteko haurrak; 9 eta 12 urte artekoak, berriz, Gazte Kluban. Lehenengoan, gazteenak (HH3 eta HH4) diren umeekin ipuin kontaketa saio bereziak aurrera eramango dituzte, irudimena euskaraz landu eta gozatzeko. Koxkortuago daudenek, berriz, (HH5etik LH2ra arte), tailer hezigarri eta dinamikoak egingo dituzte: magia, sukaldaritza, laborategi saioak, eta abar.
Horrez guztiaz gain, ekimen jakin batzuk antolatuko dituzte familia osoarentzatko: ikastaroak, ikuskizunak, txangoak... Antolatzaileek jarduera horiek prestatu ahala emango dute xehetasunen berri, baina, norbaitek zalantzarik izan edo informazio gehiago nahiko balu, aisia@ttakun.eus helbide elektronikora idatzi edo 695 78 53 92 telefono zenbakira deitu dezake.
Gazte Kluban, berriz, Lehen Hezkuntzako lau mailetan ikasten ari diren gaztetxoak elkartuko dira, hamaika jolas nahiz tailer egiteko. Hori gutxi balitz, bereziagoak izango diren abenturak bizituko dituzte, asteburu eta oporraldi garaietan batez ere: irteerak, esperimentuak edota Natur Ekintzak, besteak beste.
Kuadrillategi eta Faktoria
Nerabeen (DBH1etik Batxilergora arte) euskarazko aisialdia bultzatu eta dinamizatzeaz Kuadrillategi eta Faktoria arduratuko dira. Lehenengoan parte hartuko dute DBH1etik 4ra arteko gazteek, ostiraletan, 19:00etatik 21:00etara. Lehen hitzordua urriaren 6an jarri dute, ostiralarekin. Tokia zehazten dutenean emango dute horren berri arduradunek. Saio arruntak ez ezik, berezi batzuk egingo dituzte (eski irteera, Zuhatzara txangoa...), partaideekin hitz egin eta koordinatuta. Horrez gain, noizean behin beste herri batzuetako Kuadrillategiko gazteekin elkartuko dira.
Faktorian, azkenik, Batxilergoko ikasleek parte hartuko dute. Egitasmo hori ere laster jarriko dute martxan, gazteekin ordua eta eguna adostutakoan. Proiektu zehatz bat aukeratu eta landuko dute, urtero bezala.
Bi egitasmo horiei buruz gehiago jakin nahi duenak bide hauek erabil ditzake: ktglasarteoria@ttakun.eus helbide elektronikoa edo 665 49 75 02 telefono zenbakia.