Euskal Herriko txoko ugaritako dantzak ekarriko ditu Erketzek herrira

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 20a, 16:15

Erketzen iazko kurtso amaierako emanaldia.

Erketz EDT dantza taldeak joan den ikasturte amaierako emanaldia egingo du larunbat honetan, Okendo plazan, 18:00etan. Kurtsoan zehar landutakoa ekainean plazaratu ohi dute, baina, eguraldi txarra tarteko, atzeratu beste erremediorik ez zuten izan. Oraingoan gauza bera gertatuz gero, ikuskizuna Manuel Lekuona Kultur Etxean aurrera eramango dute.

Dantza taldeko kideek aurreratu dutenez, "Euskal Herriko hainbat txokotako dantzak" plazaratuko dituzte larunbatean. Sarrerak doakoak direla eta herritar guztiak gonbidatuta daudela gehitu dute.

Bestalde, gogorarazi dute hilabete hasieran ekin diotela ikasturte berriari eta haiekin entseatzeko ateak irekita dituztela. Asteartero elkartzen dira, Garaikoetxea-Landaberri ikastetxean, 19:00etan.