Auto klasikoen topagune izango da Lasarte-Oria larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 20a, 16:04

Ezker-eskuin: Agustin Garcia, Maria Zabaleta, Goizalde Pildain eta Jose Luis Velez 'Colis'. Argazkia: Lasarte-Oriako Udala.

San Sebastian Circuit Spirit VI. Rallya ere Lasarte-Oriatik igaroko da larunbat honetan. Bazkalostean, Andoaindik etorriko dira auto klasikoak, garai batean Oriako zirkuitua zegoen gunea zeharkatu eta Hipodromora joango dira. Geldialdi bat egin eta 17:30etik aurrera herrian barrena ibiliko dira berriz ere Donostia etorbidea, Kale Nagusia eta Zirkuitu ibilbidera joanda. Munduko txoko desberdinetako 148 ibilgailu etorriko direla aurreikusi dute antolatzaileek.

Urteak daramatzate herritarrek rally horretako ibilgailu historikoak ikusten herrian, eta aurtengoa ez da salbuespena izango, kontuan izanda Lasarteko Zirkuituak 100 urte bete dituela. Esan bezala, larunbat arratsaldean Bugati, Aston Martin, Porsche eta beste marka klasiko batzuetako autoak ikusteko parada izango dute herriko zenbait eremutan barrena.

Egitasmoaren berri eman dute antolakuntza taldeko Agustin Garcia eta Jose Luis Velez Colis-ek, Michelingo harreman publikoetako zuzendari Maria Zabaletak eta Lasarte-Oriako Udaleko Kirolak saileko buru Goizalde Pildainek.