Bizikletak berrikusi eta prestatzen ari dira herritarrak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 19a, 18:19

Mugikortasun Asteko jarduerei ekin diete udalak eta Artelatz enpresak. Lehenengo pausoa, logikoa, ibilgailuak prestatu eta konpontzea izaten ari da. Lasarteoriatarrek 20:00ak arte dute Okendo plazara bertaratu eta Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin egitasmoan parte hartzeko.

MUGI garraio txartela eta prestatu edo konpondu nahi duten bizikleta Okendo plazara eraman besterik ez dute egin behar herritarrek, gaur arratsaldeko zortziak baino lehen, doako zerbitzu hori jasotzeko. Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin egitasmoak ireki du Mugikortasun Astearen egitaraua eta ez dira gutxi izan arratsaldeko lehen ordutik bertaratu direnak. Hurrengo egunetako jardueretan (txirrindan ibiltzen ikasteko ikastaroa eta martxa, kasurako) zein egunerokoan ibilgailu horiek segurtasunez erabili ahalko dituzte, profesional batek berrikusi eta gero.

Egitaraua

Hilak 20, asteazkena

  • 18:00etan, Okendo plazatik abiatuta, hirigunean barrena bizikletan ibiltzen ikasteko saio praktiko bat aurrera eramango dute. 18 urte baino gehiagoko herritarrek parte hartu ahalko dute, aurrez izena emanda.

Hilak 21, osteguna

  • 18:30ean, Okendo plazatik abiatuta, ipar martxa saio bat egingo dute, Ostadar SKTren taldearen eskutik.

Hilak 22, ostirala

  • Muittu Manttangorri hiribusa dohainik erabili ahalko dute lasarteoriatarrek, egun osoan zehar.

Hilak 23, larunbata

  • 10:00etan, Okendotik bizikleta martxa bat abiatuko da. Norberak bere ibilgailua eta kaskoa eraman beharko ditu.
  • 10:30etik 14:00etara, bigarren eskuko bizikleten azoka izango da Okendon.
  • 11:00etatik 13:30era, Okendon eta Kale Nagusian barrena, jolas ugari egingo dituzte: herri kirolak, bizikletan ibili bitartean egitekoak (zinta jokoa, trebetasuna...), eta abar.

Bigarren eskuko azokari buruz

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, herritarrek 09:00etatik 10:30era eraman ahalko dituzte salgai jarri nahi dituzten ibilgailuak. Prezioek ezingo dute 500 eurokoak baino garestiagoak izan. Beharrezkoa izango da aurrez hitzordu bat finkatzea, www.merkabi.eus/lasarte-oria webgunean edo 943-67 02 49 telefono zenbakian izena emanda.

Parte hartu nahi dutenek 18 urte baino gehiago izan behar dituzte, eta bizikletak azokara eramaterakoan NAN nahiz telefono zenbakiak eman.