Intza KEko kideek ederki borrokatuz gainditu dute lehen jardunaldia

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 19a, 14:45

Ederki hasi dute Esker Hormako txapelketako Intzako kideek. Gomazko pala zein bikotekako 3. mailako lehian norgehiagokak borrokatu eta garaipena erdietsi dute herriko kirol elkarteko ordezkariek

Palako bikoak eman zion hasiera asteburuari; hilaren 16an, Loidibarrenen jokatu ziren estreinakoz. Xabier Arteaga eta Julen Urruzola herritarrak Errepala, Real Sociedad taldeko pala ataleko Etxebe eta Sanchez izan zituzten aurrez aurre.

Intzako kideek ongi jokatu arren, atzetik hasi zuten neurketa. Errepalako bikoteak erritmo bizia ezarri zion partidari eta herritarrak pixkanaka joan ziren egoerara moldatzen. Ederki egin zuten, gainera; markagailuari itzulia eman eta 25-18ko emaitzarekin garaipeneko puntuak eskuratu zituzten.

Hurrengo egunean, Michelin kirol gunean izan zen hitzordua. Eskuz binakako Intzako bikoak Eibarren aurka neurtu zituen indarrak. 

Partidako lehen pilotakadetan lehia borrokatua zirudien. Seinako berdinketarekin gauzak aldatu ziren, ordea. Jon Pello Artetxe eta Peru Urdanpilletak ongi baliatu zituzten aukerak eta aurkarien akatsak aldea irekitzeko eta 18-10 jarri zuten markagailua.  

Etxekoek partida irabazteko arazorik ez zutela izango zirudien, baina Eibarko Azkargorta-Conde bikoteak erantzun itzela izan zuen. Jokoa bereganatu eta etxekoen urduritasun eta akatsei esker neurketa 18na berdindu zuten.

Egoera korapilatu bazen ere, Artetxek eta Urdanpilletak ez zuten amore eman eta markagailuari itzulia emateko aukerarik ez zioten eman aurkariari. Norgehiagokaren kontrola berreskuratu zuen Intzako bikoteak eta 22-19 irabazi zuen.

Etxean lortutako emaitzak, kanpoan errepikatzeko lan egingo dute Intzako bikoteek. Errenterian eta Azpeitian izango dituzte hitzorduak txapelketako bigarren jardunaldian.