Ohiko hitzordu bilakatu da Erdi Aroko azoka. Urtez urte hazten doa eta herritarrek atsegin dutela badirudi, azoka ingurua jendez beteta egon baita asteburu osoan zehar. Eremua zeharkatzen lehenak udal ordezkariak izan ziren, egitasmoa martxan jarri zuen kale jirarekin batera joan baitziren. Agustin Valdivia alkatea, Txus Alonso, Nuria Fernandez, Lourdes Acevedo eta David Mateos zinegotziak eta azokaren antolatzaile Pedro Carrasco kale ikuskizunak egin zituzten taldeen atzetik joan ziren eta haiei batu zitzaizkien beste herritar batzuk ere. Mercero gunearen kanpoaldetik abiatu ziren eta Okendo plaza zeharkatuta, Oriako noranzkoan Kale Nagusiko postu guztietan barrena joan zen taldea, kale bazterretan eta saltokietan begira zebiltzanen arreta bereganatuz albotik pasatzean.
Bitxiak, mineralak, gozoak, jaki gaziak, xaboiak, henna tatuajeak, jantziak, platerak.... hamaika gauza erosteko eta dastatzeko aukera zabala dute herritarrek. Aurpegia ezagunak daude saltzaileen artean, baita kale emanaldiak egin dituztenen artean ere. Esaterako, Amalurra ipuin kontalaria aurreko urteetan ere izan da printzesa ausartaren edo Mohamed arrantzalearen istorioak kontatzen; edo Te atraca la calle bufoi hirukoteak lehen ere txundituta utzi ditu herritarrak beraien trebezia eta xelebrekeriekin.
Nahiz eta eskaintza antzekoa izan ohi den, berritasunak ere izaten ditu. Ama Brigitarren komentu aurrealdean oihalak tindatzeko modu tradizionala ezagutu edo garai hartako bizargileen zereginen berri izan dute herritarrek. Horietako bat, hortzetako minak sendatzea zen, horiek kenduta, nagusiki. Bufoietako bat izan zen esertzen lehena, eta alkatea ere ausartu zen besaulkia probatzen, argazkirako izan bazen ere. Beste erakargarrietako bat Erdi Aroko gerlarien borroka erakustaldia izan da. Okendo plazan itxitura jarri, eta han aritu dira binaka edo launaka borrokan lau saiotan. Larunbat eguerdian inguruan bildu zirenei zenbait azalpen eman zizkieten hasi aurretik. Halako txapelketetan aritzen direla eta puntakoen artean daudela argitu zieten, eta borrokarako tresnen zenbait xehetasun eman ere. Kideetako batek babeserako jantzien osagaiak banan bana jantzi zituen eta geruza bakoitzaren funtzioa zein den zehaztu. Mina hartu edo zauriak egitea zaila bada ere eta antzezpen puntu bat badu ere, borroka serio egiten dute aizkora edo ezpatarekin. Oraindik ikusi ez dituztenek azken aukera dute 19:00etan. Azokan begiratu edo erosteko, berriz, 23:00ak arte.
Hurrengo saioak:
- 17:30ean, Amalurra ipuin kontalaria.
- 17:30ean, herriko lanbideak.
- 17:30ean, Te atraca la calle.
- 17:45ean, artisauen hitzaldiak.
- 17:45ean, Barzonia.
- 18:00etan, Zirko Loretsua.
- 18:15ean, Treefolk.
- 18:30ean, Amalurra ipuin kontalaria.
- 19:00etan, Barzonia.
- 19:00etan, munduko armadura txapelketako gerlarien borrokaldiak.
- 19:30ean, Treefolk.
- 20:00etan, Zirko Loretsua.
- 20:15ean, Amalurra ipuin kontalaria.
- 20:45ean, Barzonia.