Lasarte-Oria eremu tentsionatu izendatzeko eskatu du Stop Desahucios plataformak ohiko udalbatzarrean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 15a, 13:06

Ohiko plenoa egin du Lasarte-Oriako udal korporazioak ostegun arratsaldean. Bertan izan da Stop Desahuicios plataformako ordezkari Rosa Garcia eta herria eremu tentsionatu izendatzeko eskatu du.

Ikasturte berriarekin batera itzuli dira hileroko ohiko udalbatzarrak Lasarte-Oriako pleno aretora. Atzo arratsaldean egin zuten hil honetakoa, eta  gai ordenak luzea zirudien arren, nahiko azkar landu zituzten ia puntu guztiak. 

Lehen sei puntuek ez dute inolako eztabaidarik sortu; bozketak egin dituzte zuzenean (hori behar izan dutenetan) eta hauek izan dira emaitzak:

  1. Maite Iglesia Sanchezek udaleko zinegotzi kargua hartzea.
  2. 2023ko ekainaren 14an, 17an eta 22an, uztailaren 13an eta 21ean eta abuztuaren 31n egindako bilkuren akten onarpena. Onartua geratu da.
  3. Lasarte-Oriako Udaleko langileen eta korporatiboen ordainsari-igoera onartzea. Aho batez onartua.
  4. 5. puntua gai-zerrendan sartzeko premia onartzea (Lasarte-Oriako Udaleko lanpostuen zerrenda aldatzea). Aho batez onartua.
  5. Lasarte-Oriako Udaleko lanpostuen zerrendaren aldaketa onartzea. Aldeko 11 bozkekin, eta sei abstentziorekin onartuta geratu da.
  6. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren 000142/2023 epaiaren berri ematea. 

Zazpigarren puntuko gaiak hartu du denbora tartetik zabalena. Bertan, “Lasarte-Oriako alokairu-merkatuko prezio garestiek tenkatutako eremuaren definizioa, eta Estatuko etxebizitza legeak ezartzen dituen mugak mimetan gauzatzeko” mozioa landu dute. Gaia bozkatu aurretik, Stop Desahucios plataformako kide Rosa Garciak hartu du hitza; eskaeraren gaineko xehetasunak eman ditu, eta eskatu, Lasarte-Oria eremu tentsionatu izendatzeko.

Kontatu du, besteak beste, egun familia unitate askok euren diru sarreren %40 edota %50 bideratu behar dutela alokairua ordaintzera, eta, ondorioz, alokairuen prezio altuak ezin ordainduagatik, etxegabetze arriskuan dauden familien zenbait kasu badirela herrian. Honako beste datu hau ere ezagutarazi du: Lasarte-Orian 854 pertsona dauden Etxebiden (Etxebizitzaren Euskal Zentrua) izena emanda. Aldi berea, azpimarra egin dio Euskadik bere etxebizitza legea aplikatzearen beharrari. 

Udalerri bat eremu tentsionatu izendatzeak ekarriko luke alokairuen prezioak arautzea (jabe txiki zein handienak), alokairuaren merkatuan indarrean dauden kontratuetarako zein kontratu berrietarako. Hala, prezio horiek kontrolatzeko tresnak emateaz gain, kontratuak hiru urtez luzatzea eskatu ahal izango dute maizterrek, kaleratzeak saihesteko. Hala azaldu du Garciak. 

Azalpen horien ostean EH Bilduko Uxue Loinazek hartu du hitza, eta hainbat datu ekarri ditu mahai gainera. Esan du etxebizitzen salmentaren eta alokairuaren prezioak "asko" igo direla azken urteetan: "Batez beste, Lasarte-Orian salmenta 3.300 euro metro koadroa, eta 800 euro alokairua". Gaineratu du herriko etxebizitzen %80a merkatu librekoak direla, hortaz, horrek erabakitzen duela zein den herriko etxebizitzen prezioa. 

Guzti horrekin batera, gogorarazi du bere alderdiak etxebizitza parke publikoa sortzeko hainbat proposamen egin dituela, horien artean Hipodromo etorbideko udalaren eskumeneko etxebizitzak alokairura bideratzea. 

Hitzartze hori amaituta, gaia bozkatu dute.; aldeko 13 bozkarekin eta 4 abstentziorekin aurrera egin du. EAJ-ko Jon Antxordokik hitz egin du gero, eta azaldu bere alderdiaren abstentzioaren arrazoia: "Gure ustetan konpetentzia bat zapaltzen delako abstenitu gara".

Zortzigarren eta azken puntua galdera eta erreguentzako izan da, baina inolako alderdik ez du gairik mahaigaineratu.

Esteka honetan ikus daiteke hil honetako udalbatzarra.