Ostiraletako paseak, 20:00etan aurten

Iñigo Gonzalez Sarobe 2023ko ira. 15a, 12:00

Zinemazaleok, adi: aurten goizago izango dira Okendo Zinema Taldeak aurrera eramango dituen emanaldiak. Eragile horretako kideek jakinarazi dutenez, 20:00etan ekingo diete proiekzioei, arrazoi hauengatik: "Gaur egun, pelikula gehienek bi ordu edo gehiago irauten dute, eta, 22:00etan ematen hasiz gero, berandutu egiten zaigu; uste dugu pandemiak eragin duela gure ohituretan, lehenago etxeratzeko joera dugu orain. Gainera, bi ordu lehenago hasteak erraztu egingo digu gonbidatuak ekartzea; oso interesgarria iruditzen zaigu ikus-entzuleek egile eta aktoreekin iritziak partekatu ahal izatea". Maiatzeko proiekzio bat jarri dute horren adibidetzat, 20.000 especies de abejas filmarena. "Estibaliz Urresola zuzendaria ekarri genuen, aretoa betea zegoen... Oso aberasgarria izan zen". Aurreneko paseak urrian egingo dituzte eta datozen egunetan emango dute prestatu duten karteleraren berri.

Ohiko proiekzio horiez gain, azken urteetan Euskal Herriko ekoizleen lana ikusarazteko emanaldi sorta interesgarri bat aurrera eraman dute, Euskal Dokumentalen Zikloa. Aurreratu dute kurtso honetan ere egingo dutela, 2024ko otsail-martxoan. "Ikusi dugu pase jendetsuenak egitasmo horretakoak izan ohi direla; gertuko eta batez ere euskarazkoak diren ikus-entzunezkoek herritarrak erakartzen dituzte, produkzio handiagoek baino gehiago". Ezaugarri horiez gain, ekimen hori deigarri egiten duena da inguruan ez dagoela halakorik. "Sona hartzen ari da zikloa, zuzendariak gugana jotzen hasi direlako euren lanak egitarauan sartzeko. Azken urteetako uzta oso ona izaten ari da eta oso pozik gaude horregatik, baina badu alde bat horren ona ez dena: zenbait dokumental kanpoan utzi behar izaten ditugu, aukeratzeko asko ditugulako". Euskal dokumentalena ez ezik, udako zikloa ere aurrera eramango dute, ohi bezala. Proiekzio horiek uztailean egiten dituzte.

Zinemaldia Donostian

Hilaren 22tik 30era egingo dute Donostiako 71. Zinemaldia. Urteko garai berezienetako bat izan ohi da hori Okendo Zinema Taldeko lagunentzat. Taldekideen artean hitz egin eta antolakuntzak ematen dizkien pase pare batekin makina bat pelikula ikusten dituzte urtero. Aretotik atera ostean, euren artean komentatzen dituzte zerbait hartu bitartean, eta baita azken urteetan egin duten "kuadrillako" kideekin ere, taldekoak izan ez baina urteen poderioz harreman estua egin duten zenbait pertsonarekin.

Okendo Zinema Taldeaz beraz hitz egiterakoan, kideek azpimarratu dute "luxua" dela zinemarekiko zaletasuna elkarrekin partekatu ahal izatea: "Talde majoa osatu dugu, profil desberdinak batzen dituena". Horietako batzuen kasuan, hobby izateaz gain ogibide ere badenez, erraztu egiten dizkie zenbait lan eta ate gehiago ireki: "Xanti Salvador izan da gure azken 'fitxaketa', a zer nolakoa! Ekoizpen eta jende asko ezagutzen du, kontaktuak egiteko lana izugarri erraztu digu. Taldekideetako baten bidez ezagutu dugu, Ane Arteagaren bidez; esan zigun Lasarte-Oriara zetorrela bizitzera eta taldera batzeko gogoa zuela". 

Zaletasuna bultzatzen

Belaunaldi berriengan zinemarekiko harra sortzea garrantzitsua da Okendo Zinema Taldekoentzat, eta, horregatik, elkarlan egitasmo bat martxan jarri dute Oriarte institutuarekin. Iaz, esaterako, Jonas Trueba zuzendariaren Quién lo impide filma eman zuten eta esperientzia "polita" izan zela azpimarratu dute. "Bi helburu nagusi ditugu: gazteen artean Okendo Zinema Taldea ezagutzera ematea eta zinemarekiko zaletasuna bultzatzea". Horren harira, Zinema (h)abian egitasmoan parte hartzen duen ikasle taldea joan zen pase horretara; etorkizunean proiektu gehiago amankomunean abian jartzeko hazia izan daiteke.

Lehen aipatutako xede horiek betetzeko bidean, aurten ere institutuarekin kolaboratzen jarraitzeko asmoa dutela azaldu dute taldeko kideek.