"Gure basoetako egurrak erabiltzen ditut, bertakoak"

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ira. 15a, 09:37

GOTZON HUEGUN BURGOS ESKULTOREA

'Arbasoak' izeneko erakusketa zabalik du eskultoreak, Donostian. Bi solairuko erakusketa aretoan, hamasei artelanez atondua; lau eskultura eta hamabi mural. Guztiak zurezkoak.

Uztailean zabaldu zuen Gotzon Huegun Burgos herritarrak (Lasarte-Oria, 1972) Arbasoak izeneko erakusketa Donostian. Egurrez egindako hamasei pieza jarri ditu erakusgai eta salgai. Gizakiak naturarekin duen harremana erakutsi du horien guztien bidez, eta artelan sorta baliatu du bere arbasoei keinu egiteko. Sorkuntza prozesuari buruz hitz egiteko elkartu da berarekin TXINTXARRI aldizkaria. 

Gizakia eta natura uztartzen dituen sorkuntza prozesu bat da Arbasoak-Ancestros? Naturarekin duzun harremana islatzen du? Zein harreman duzu izadiarekin?

Duela sei urtetik hona Azkaraten (Nafarroa) bizi naiz, Araitzeko bailaran. Nire etxe-tailerra Balerdi mendiaren azpian dago, hortaz, pentsa, basoz, naturaz inguratuta nago; txakurrarekin paseora irten, eta hori ikusten dut. Horrek eskaintzen dizkidan irudiak dira erakusketa honetan ikus daitezkeenak. Horiek, noski, nire burutik iragazita, interpretazio bat eginda sortzen ditut lanak. Ikus daitezke udazken koloreak, likenak, zuhaitzak moztu ostean geratzen diren enbor ipurdietan zirrikituen bidez sortzen diren marrazkiak, eta abar.  

Eta zergatik 'Arbasoak' izena? Zureekin du lotura?

Bai. Erakusketari izena jartzeko unea iritsi zenean, senideei keinu egitea erabaki nuen; hortik Arbasoak izena. Nire aitaren aldeko arbasoak, aitona eta birraitona basoko jendea ziren; bertan egiten zuten lan, zuhaitzak mozten. Familian ere badugu aizkolari izandako senide ospetsu bat, XX. mende hasierako Leon Huegun. Horiei keinu egin nahian erabaki nuen izena. Nire arbasoek egurra basotik ateratzen zuten, eta nik, berriz, egurra lantzen dut. Hasiera batean, hitz horrek basoarekin ere loturarik izan zezakeela pentsatu nuen, baina, etimologikoki ez dago loturarik.

Nolakoa izan da 'Arbasoak'-en sorkuntza prozesua? Oker ez banago, urte luzeetako esperimentazio lanaren emaitza izan da, ezta?

Bai, duela hamar urte hasi nintzen obra hauek lantzen. Eskultura lantzen dut mandatuz ere, baina beste formatu batekin hasi nahi nuen, muralekin. Orduan, duela hamar urte hasi nintzen testura batzuk lantzen, ikusiaz formatu berria izan zitekeela, eta pixkanaka-pixkanaka gero eta gehiago sakontzen joan naiz, azken emaitza lortu arte. 

Enkarguekin ere lan egiteak esan nahi du, horiek nire sorkuntza lanekin uztartu behar ditudala, eta horrek denbora eskatzen du. Mandatuek izaten dute lehentasuna, nahiz eta nire sorkuntza lanekin aritzeko denbora ere hartzen dudan tarteka. Horregatik izan da azken hau hamar urteko prozesua. 

Beraz, horrelako artelanak sortzeko presak alde batera uztea ezinbestekoa izango da, ezta?

Bai, hala da. Enkarguen kasuan, aurrekontu eta denbora mugatu batekin egiten dut lan, hortaz denbora ondo neurtu behar izaten dut, baina nire kabuz ateratzen diren lanetan ez daukat inolako denbora mugarik. Nire helburu bakarra da egin dudanarekin erabateko asebetetzea sentitzea; nire buruan ikusten dudan emaitza lortzea. Dimentsio aldetik ere ez dut mugarik jartzen. Ulertzen dut tamaina aldetik handiak izan daitezkeela etxe arrunt batean jartzeko adibidez, baina nire lan pertsonala da eta hala irudikatzen dudanez, horrela sortzen dut, baldintzarik gabe. 

 

Hamasei artelanek osatzen dute erakusketa; lau eskulturak eta hamabi muralek

 

Zer ikus dezakete erakusketara bertaratzen direnek?

Basoan denok ikus ditzakegun irudiak ikusiko dituzte; likenak, zuhaitz zartatuak, udazken koloreak...

Guztira hamasei lan bisita daitezke? Horietatik batzuk eskulturak eta muralak besteak. 

Bai, hori da; hamabi mural eta lau eskultura. 

Ordena jakin batean egin al dituzu?

Nire buruan beti ideia bat baino gehiago ibiltzen da bueltaka; mandatua amaitzen dudanean ikusten dut zer egiteko gogoa dudan. Arbasoak osatzen duten lanen artean, Liken I-a izan zen egin nuen lehena, baina ez dut ordena jakin bat jarraitu. 

Eta gertatu zaizu batekin hasi, bazter utzi eta beste batekin jarraitzea?

Ez, normalean batekin hasten naizenean amaitu arte aritzen naiz hori lantzen. Hori bai, aipatu bezala, tartekatzen ditut, noski nire lanak aginduekin. Azken horiek markatzen dute hein batean nire sorkuntza lan propioen erritmoa. Enkarguak oso garrantzitsuak dira niretzat, hileroko jornala lortzeko bide ematen baitidate, baina nire kabuz ateratzen diren obrak landu eta saltzea litzateke niretzat ederrena. 

Ez dut lan bat baino gehiago batera egiten. Gustatzen zait lanean ari naizenarekin zentratu, horrek behar duen denbora guztia eskaini eta nire begia gustura geratu arte horrekin aritzea. 

 

 

Hamasei horien guztien artean bada gustukoen duzunik? 

[Erakusketa aretoak bi solairu ditu eta goikora igo gara bertan erakusgai jarritakoak ikustera]. Denak nik sortuak dira, hortaz ezin dut bakar bat aukeratu. Batzuk beste batzuk baino errazago egin ditut, beste batzuk egiteko, aldiz, denbora gehiago behar izan dut... Normalean, gehien gustatzen zaidana azken obra izaten da, freskotasuna duelako. Arbasoak-en kasuan, Udazkeneko euria izenekoa da, baina ezingo nuke bakar bat aukeratu. Denak ezberdinak dira, ez dago kopiarik, ezta interpretazio berdintsurik, orduan, ez daukat bakar bat aukeratzerik. Nik, nire etxean denak jarriko nituzke. 

Lan horiek guztiak erakusgai egoteaz gain, salgai ere badaude?

Bai. Edonork nire lan hauetako bat erosi nahiko balu, nirekin harremanetan jartzea nahikoa litzateke (info@gotzonhuegun.com). Guztiak pieza bakar gisa erregistratu ditugu, hala erosleak ziurta dezake erosi duen obra bakar eta esklusiboa dela, hau da ez dagoela munduan inon, erosi duenaren pieza berdinik. 

Norbanakoek erostea ongi dago, baina erakundeek eros ditzaten ere egiten dut indar. Horrela, gizarteari erakutsiak geratuko baitira, hein batean, denonak izaten jarraituko dute. Norbanako batek bere etxerako erosten badu, aldiz, hor geratuko da; etxe horretan daudenek edo bertara joango direnek bakarrik ikusiko dute. 

Horiek denak zurez egin dituzu. Zein egur mota da? 

Bertako egurrak erabiltzen ditut; haritza, gaztainondoa, intxaurrondoa, gereziondoak... gure basoetakoak. Horrek gurekiko nortasun bat dauka; mendeetan zehar, gure etxeetako altzarietarako erabili diren egurrak dira, orduan, gurekin ere lotura hori badute. 

Eta zergatik erabili duzu material hori?

Beste material batzuk ere erabiltzen ditut, harria esaterako; hori eta egurra dira nire materialik gogokoenak. Zergatik? Ez daukat garbi. Izan liteke material horiek lortzeko izan dudan gertutasunagatik, baina arrazionalki ezin dut esan. 

 

"Basoan denok topa ditzakegun irudiak ikusiko dituzte bertaratzen direnek"

 

Nola lantzen da egurra?

[Liken I murala hartu du eredu azalpena emateko]. Lehendabizi, irudi batean oinarrituta dago lana. Irudi hori argazki bitartez islatzen dut paper batean, marrazkiaren bitartez. Gero, segun eta zein lan egin behar dudan, behar den egurra lortzen dut, izan ere batzuk beste batzuk baino hobeak baitira. Adibidez, lanak detaile asko baditu, egur batzuk errazago apur daitezke, orduan, bigarrengo pausoan lan bakoitzarentzat egur motarik egokiena aukeratzea dut. Hori egin ostean, marrazkia eskalan egiten dut, eta egurrean islatu. Zurak, hasiera-hasieran tabloiak dira; batzuetan bat baino gehiago ere elkartzen ditut, lortu nahi ditudan dimentsioak emateko. Eta marrazkia islatuta dagoenean, egurra kentzen, arbastua egiten hasten naiz. Silueta markatzen dut arkatzarekin, eta hortik kanpo geratzen den guztia kentzeko lana izaten da hori. Horrela sortzen da lehen erliebedun planoa. Horren barruan, berriz ere silueta marrazten dut, eta hortik kanpo geratzen dena kentzen dut, eta horrela, apurka-apurka. 

Desbastearekin amaituta, perfilatzeko txanda izaten da gero. Adibidez, mural honetan, liken guztiak marraztu ditut, eta trintxa izeneko erremintarekin moztu egiten ditut perfil guztiak. 

Eta hirugarren pausoa litzateke definizioa. Horretan, erabakitzen dut mugimenduak emateko egurra nondik kendu behar dudan. Amaitzeko, kasu honetan, kolorea erabili dut. 

Egurraren berezko kolorea da nagusi 'Arbasoak' osatzen duten obretan, baina bestelako batzuk ere erabili dituzu zenbait lan osatzeko. 

Bai, pintura eta eskulturaren arteko uztarketa lan bat da Arbasoak. Margoak argitasuna eta bizia ematen dit eta hori ere niretzat garrantzitsua da. Erliebeak ematen didana da indarra; hirugarren dimentsiorantz garamatza. 

Uztailean inauguratu zenuen erakusketa. Zer-nolako harrera izaten ari da?

Harrera ona izaten ari da. Jendea pasatzen ari da estudiotik, eta esaten didatena da oso gauza ezberdina ikusten ari direla, orain arte ez dituztela horrelako formak, produktuak ikusi. Nire lan hauek egur tailaren teknikarekin eginak daude, baina orain arteko egur taila geratu da irudi zehatz batzuetan, eta hemen, berrikuntza bat ikusten da. Hori da nire asmoa; egur taila diziplina artistikoaren mailan ipintzea. Artisautzan geratzen da bestela, mesprezurik gabe, hori ere ofizioa baita eta hau egiteko hori ere beharrezkoa baita. Tradizio hori barruan dut, baina beste gauza bat islatzea izan da asmoa eta uste dut asmatu dudala. Duela egun batzuk, musika klasikoko emanaldi bat izan genuen hemen, estudioan. Jende ugari bildu ginen, 50 bat. Nik musika klasikoarekin egiten dut lan tailerrean, orduan, bada nirekin oso lotuta dagoen diziplina bat. Zazpi pieza jo zituzten, eta oso emanaldi polita izan zen; bataren eta bestearen artean, nire lanen nondik norakoak azaldu nituen. Zerbait ezberdinat sortu genuen.

Hilaren 30era arte bisitatu ahal izango dute interesdunek. 

Bai, hori da. Estudiora etortzera animatu nahi dut jendea (Zaragoza Plaza, 3. zenbakia, Donostia). Hil amaierara arte dute horretarako aukera honako ordutegian: astelehenetik, larunbatera 10:30etik 13:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara. Igande eta jai egunetan, berriz, 10:30etik 13:00etara. Bisitariek goza dezaten nahi dut, uste baitut edertasunaren bitartez ere ongizatea lor daitekeela. Lanak saltzeaz gain, iruditzen zait jendearen gozamena ere gauza ederra dela.       

Ba al duzu beste lan edo proiekturik eskuartean?

Badaramat denboratxo bat zientzia eta artearen arteko harreman bat sortzeko lanean. Mikroskopio elektronikoen bitartez konexio neuronaletan ateratzen diren irudien dokumentazio pila bat daukat. Oso erakargarriak diren irudiak dira, mugimendu asko dutenak eta horien naturarekin ere nolabait erlazionatuta egon daitezke, gu natura baikara. Hor ikusten ditudan irudiak izugarri ederrak dira, eta horrekin lotuta joango da hurrengo lana. Marrazki batzuk eginak ditut eta egur xafla batzuk ere prest ditut. 

Basoarekin ere erlazionatzen ditut irudi horiek, izan ere, basoan, neguan zuhaitzek hostoak galtzen dituztenean, horien azpian etzanda jarrita ikus daitezkeen sare horiek neuronen sareen antzekoak dira. Hori daukat eskuartean.